Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP), Nafarroako Unibertsitateko eta Ekialdeko Piamonteko Unibertsitateko (Italia) irakasle batzuek idatzitako ikerketa-artikulu batek Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Elkartea (SEIO) – BBVA Fundazioa Sarien V. edizioko sarietako bat eskuratu du.  Estatistikan aplikatutako ekarpen hoberenaren sariak konponbideak eskaintzen ditu eragotz dezaketenak pilaketak sortzea meatze bat edo beste edozein metatze-sistema amortizatzeko nahikoa izanen den urte kopuru batean. Izan ere, zereal-siloen gisakoak diren alea metatzeko sistema horietan sortzen diren pilaketek ondorio garesti eta larriak izan ditzakete, baita ingurumenarentzat ere. Esaterako, tunel bertikal batetik meatze batera botatzen diren mineralen kasuan, pilaketa bat desegin nahi izanez gero, dinamitarekin leherketa bat eragin beharko litzateke, eta horrek kostu handia eta ingurumenean eragina du, eta, horrez gain, baliabideak ustiatu beharra dakar.

zoom José Antonio Moler, NUPeko irakasle sariduna.

José Antonio Moler, NUPeko irakasle sariduna.

Estatistika-analisiari esker, kasu bakoitza zein den, eredu bat sortzen ahal da arazoa konpontzeko.  Hori baliagarria litzateke mineral, ale edo zerealen pilaketak desegiteko erabiltzen diren baliabideak optimizatzeko.  Alde horretatik, lagungarria litzateke orobat ingurumen-kutsadura jaisteko. 

Estatistika-garapenak parte hartzen du batez ere kostuak aurrezteko tunelaren edo siloaren irekiguneak izan behar duen tamaina zehatza zehazteko egiten diren esperimentuetan, pilaketa horiek behar besteko denboran gerta ez daitezen. Kasu askotan, ezinezkoa da landa-esperimenturik egitea baliabide asko behar baitira horretarako, eta laborategian egiten dira. “Esperimentuen diseinu optimoaren” teoria da hori, eta estatistikaren bidez entsegu kopurua murriztu eta denbora eta materialak aurreztu nahi ditu. 

Ekarpen berritzaileak estatistikari

Jesús López Fidalgo Nafarroako Unibertsitateko Datuen Zientziako eta Adimen Artifizialeko Institutuko Estatistika katedraduna, Caterina May Ekialdeko Piamonteko Unibertsitateko Estatistikako irakasle titularra eta José Antonio Moler Cuiral Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko irakasle eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailea saritu dituzte “Annals of Applied Statistics” estatistikari egindako ekarpen berritzaileetan espezializatutako aldizkarian argitaratutako lanagatik. Saritutako lanaren izenburua da "Silo motako arazo baterako irteeraren tamaina egokia estimatzeko esperimentuen diseinua".  Nafarroako Unibertsitateko Ale Baliabideen Laborategiaren laguntza ere izan zuen proiektuak. 

Sari horrez gainera, beste lau sari eman dira Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Elkartea (SEIO) – BBVA Fundazioa Sarien V. Edizioan. Sarien helburua da bi diziplina horietan egindako ekarpen berritzaileenak aitortzea eta gizarteratzea. Originaltasunagatik, berrikuntzagatik eta zientzia horretan egindako ekarpenengatik saritzen dituzte ekarpen zientifiko horiek.