Gaur, asteazkena, uztailak 17, Unibertsitateen G-9 Taldeko Ikasleen Arloko Batzordeak bilera egin du ikasleen gaietarako errektoreordetzen arduradunekin. Errioxako Unibertsitateko errektore Juan Carlos Ayala, G-9 Taldearen seihilekoko burua, izan da bileraren burua, eta, beste helburu batzuen artean, taldeko unibertsitateetako ikasleek gaur egun dituzten zenbait kezka eta haien intereseko gai batzuk aztertu dituzte. Hala, amaitzekotan den ikasturtea aztertu dute, eta, horri esker, irailetik aurrera egin beharreko jarduerak adostu dituzte batzordekideek, eta jarduera horien artean nabarmentzekoa da taldeko unibertsitateetako ikasleekin eginen den bilera.
Batzordeak orobat berretsi du etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa, Unibertsitateen G-9 Taldeko ikasleek beren garapen pertsonalerako eta profesionalerako aukera onenak izan ditzaten.
Juan Carlos Ayala (Errioxako Unibertsitateko errektorea) eta María Ángeles Martínez Calvo (Ikasleen Gaietarako eta Unibertsitate Zabalpeneko errektoreordea), unibertsitateen G-9 Taldearen bilerarako konektatu ziren pantailaren aurrean.
Unibertsitateen G-9 Taldea
Unibertsitateen G-9 Taldea izeneko elkartea beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea eta Burgosko Unibertsitatea ere, azken biak entitate laguntzaile gisa.