Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) epea ireki du Europar Proiektuen Sustapeneko eta Kudeaketako ikastaroan izena emateko. Ikastaroa presentzialki eginen da ostegun eta ostiral arratsaldeetan, irailetik abendura bitartean. Ekimena 7,5 ECTS kredituren balioa duten 60 ordukoa da, eta haren xedea da enpresa eta erakundeetako langileen kualifikazioa hobetzea Europar Batasuneko programetan. Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako prestakuntza-jarduera honetan parte hartu nahi dutenek “online” eskatu behar dute postua, NUP Fundazioaren bidez, abuztuaren 30era arte.
Sara Marcelino Sádabak zuzentzen du ikastaroa, eta haren helburu nagusia da parte-hartzaileei gaitasuna ematea erakundearen jarduerarako europar programa egokienak zein diren identifikatzeko, dirulaguntzak lortzeko aukera handiak dituzten ideiak sor ditzaten sustatzea, eta 2021-2027 denboraldiko Zenbait Urterako Finantza Esparruko lehiaketa bidezko programetan proposamenek arrakasta izateko aukerak areagotzeko teknikak irakastea.
Prestakuntza horretan parte hartzeko, nahitaezkoa da unibertsitateko titulu bat izatea, eta ingeleseko B2 maila egiaztatua dutenek izanen dute lehentasuna. Gehienez ere enpresa bereko lau lagunek hartuko dute parte.