Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Mugaz gaindiko Uda Ikastaroen hirugarren edizioan parte hartuko du. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko unibertsitate publikoek antolatu dute. Prestakuntza-hitzordu hau Baionan (Frantzia) eginen da, gaur, uztailak 15, hasi eta datorren ostiralera arte, uztailak 19. Nafarroako Unibertsitate Publikoak hamaika monografikoetako bat aurkeztu du, Nerea de Diego Murillo Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasleak zuzendua: “Argizari galdua. Artxibategiak, ezagutzak eta sorkuntza / Archives, savoirs et création / Archivos, saberes y creación”. Gainera, gaurko inaugurazioan, migrazioari buruzko solasaldi batean, Miguel Laparra Navarro Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleak parte hartu du.

Mahai-inguruaren izenburua “Migrazioa: kontrolari buruzko eztabaidatik inklusio sozialera” zen, Eva Caballero Domínguez (EiTB) kazetariak moderatu du, eta NUPeko irakasleak eta Clémentine Mazille Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Zuzenbide Publikoko irakasleak parte hartu dute.  Ekitaldi horretan bertan, Yannick Hernández Bordeaux Montaigne Unibertsitateko (Bordele) irakasle titularrak eta Itziar Alkorta Idiakez Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroen Fundazioko zuzendari akademikoak 2023ko Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroei buruzko liburua aurkeztu dute.

zoom Ezkerretik eskuinera: Clémentine Mazille, Eva Caballero eta Miguel Laparra.

Ezkerretik eskuinera: Clémentine Mazille, Eva Caballero eta Miguel Laparra.

Ikastaroak bost egunean

Gaur hasi da ekimenaren hirugarren edizioa unibertsitateen mugaz gaindiko aliantzek eskualdeko motor gisa duten eragina aztertuz. Uda ikastaroen programa kontsultatzeko dago Mugaz gaindiko Uda Ikastaroen webgunean. Bost egunez, Baionako Cité des Arts unibertsitate-eskolan, eztabaidagai izanen dira intereseko gaiak. 

Monografikoetako bat, Nerea de Diego NUPeko irakasleak zuzendua, kulturaren esparruarekin eta ondarearen sustapen eta babesarekin lotuta dago. Hala, “Argizari galdua. Artxibategiak, ezagutzak eta sorkuntza” ostiralean, uztailak 19, hileta-kandeletarako argizari ardazkatuaren produkzioarekin lotutako ezagutza teknikoak ezagutaraziko ditu. Argizari ardazkatua desagertzeko arriskuan dagoen artisautza bat da. 

Horrez gain, hizkuntzalaritzarekin zerikusia duten hiru ikastaro emanen dira: zehazki, Iparraldeko hizkuntza politika berrirako urratsak aztertuko dira, mugaren bi aldeetan parte-hartze aktiboan oinarritutako hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntza bultzatu duten esperientziak ezagutuko dira, eta euskalkien egungo egoeraren ikuspegi orokorra eskainiko da, baita ikerlari gazteek arlo horretan egiten duten lanaren ikuspegi orokorra ere.

Jasangarritasuna eta ingurumena sakon aztertuko dira. Batetik, elikadura-sistemari buruz hitz eginen da, euskal gastronomiarako lankidetza- eta jasangarritasun-ereduak nabarmenduz; bestetik, gaian adituak direnek euskal kostaldeko biodibertsitatearen egoeraz eta mugaren bi aldeetako itsas ingurunea babesteko neurriez hitz eginen dute; horrez gain, landa-eremuek aldaketa globalaren aurrean dituzten ezaugarri bereziei eta berezko arazoei buruzko gogoeta eginen da.

Interes sozialeko gaiak ere landuko dira. Mugaren izaerari eta eraginari buruzko gogoeta eginen da, munduko beste leku batzuetan gertatzen diren egoerak aztertuz, etxebizitza publikoaren politikaren funtsezko printzipioetako batzuk aztertuko dira, mugaren bi aldeetan nola aplikatzen diren, eta herritarren mugaz gaindiko partaidetzari buruzko esperientziak eta proiektuak ezagutaraziko dira.

Ikastaroetako hizkuntzak euroeskualdeko hiru ofizialak izanen dira (euskara, frantsesa eta gaztelania), bai eta ingelesa ere, eleaniztasunaren eta kulturartekotasunaren balioa azpimarratuz.

Euroeskualdeko unibertsitate eta erakundeen lankidetza

Udako Ikastaroak 2022an sortu ziren Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko unibertsitateen lankidetzari esker eta eskualdeko eragile nabarmenen laguntzarekin. Proiektua erakunde hauen guztien lankidetzaren emaitza da: l’Université de Bordeaux (UB), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), EHUko Udako Ikastaroen Fundazioa, l’Université Bordeaux Montaigne (UBM), l’Université de Pau et des Pays de L´Adour (UPPA), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Euskampus Fundazioa, CNRS/IKER eta Maison des Sciences de l’Homme de Bordeaux (MSH Bx) zenbait lurralde-erakunderen laguntzarekin, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundia, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea eta Communauté d’Agglomération Pays Basque.