Plaza de la Cruz BHIko Ikerketako Batxilergoaren modalitatean (Bi+) egindako bi lanek aipamen berezia jaso dute “Si eres original, eres de libro” lehiaketaren XVIII. edizioan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleak izan dituzte tutore lanen egileek, eta CEDRO Eskubide Erreprografikoen Espainiako Zentroak antolatu du lehiaketa.


NUPeko eta Plaza de la Cruz BHIko irakasleak, ikasleek lanak defendatu ondoren. Ezkerretik ezkerretik eskuinera: Guillermo Zufiaurre (proiektuaren koordinatzailea), Maite Rocafort eta Anabel Aranguren (lan saridun baten tutoreak, Plaza de la Cruz BHI ikastetxekoak), Xiaolei Jiang eta Orhan Asan Barut (ikasle saridunak), Ricardo San Martín (NUPeko irakaslea) Marian Aguinaga (beste lan saridun baten tutorea) eta Nieves López (Plaza de la Cruz BHIko irakaslea).
Orhan Asan Barut eta Xiaolei Jiang ikasleek Percepción del habla en entornos escolares utilizando tecnologías de sonido inmersivo izeneko lana egin dute, Ricardo San Martín Murugarren Zientzia Saileko irakaslearen gidaritzapean (INAMAT2 Institutuko ikertzailea); Aintzane Mauleónek eta Nadia Rastrollok, berriz, Efecto del dipping en la tasa respiratoria de la piña izenekoa, Carmen Barba González-Albo Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko irakasleen tutoretzapean. Plaza de la Cruz ikastetxeko irakasleak Ana Isabel Aranguren Aramburu eta María Ángeles Aguinaga Ruiz izan dira lehenbiziko kasuan, eta Maite Rocafort bigarrenean.
Lehiaketan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH), Batxilergoko eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek egindako ikerlan originalak saritzen dira, ikasleei beraiei interesatzen zaien gai bati buruzkoak: musika, zientzia, literatura, artea, natura, historia, zinema, kirolak, filosofia eta pentsamendua, teknologia eta matematika besteak beste.
Epaimahaikideak Ramón Acín eta Juan Kruz Igerabide idazleak, Margarita Prado katedraduna, Javier Sádaba filosofoa, Ramón Tamames ekonomialaria, María Ángela Nieto Biokimikako eta Biologia Molekularreko doktorea eta Carme Riera CEDROko presidentea izan dira.
Ikerketako Batxilergoa
Ikerketako Batxilergoetan (Bi+), Batxilergoak irauten duen bi ikasturteetan, ikasleek ikerketa akademiko formal bat egiten dute —idatziz entregatu eta ahoz azaltzen dute tarteko fasean eta azken fasean—, prestakuntza espezifikoa jasotzen dute Ikerketaren Hastapenak irakasgaian, eta ikastetxeko irakasle bat izaten dute tutore. Ikasturte honetan, NUPeko hogei bat irakasle ari dira ekimenean parte hartzen.


Taldeetako bat, NUPeko irakaslearekin. Ezkerretik eskuinera: Carmen Barba, Nadia Rastrollo, Aintzane Mauleón eta Maite Rocafort.
Gogoratu beharra dago 2021ean Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuela Bigarren Hezkuntzako lau instituturekin Ikerketako Batxilergoa bultzatzeko. Ikerketako Batxilergoa “Batxilergoko ohiko ibilbideen bide osagarri bat da, oso aproposa ikerketa-jardueraren ezagutzan eta garapenean sakontzeko”.
Akordio horretan, NUPek konpromisoa hartu zuen ikergaiak ezartzeko, ikerketetan aholkulari aritzeko eta ikasleei erraztasunak emateko Iruñeko eta Tuterako campusetan ikerketa-lanak egin zitzaten, batez ere laborategietan, ikasgela tematikoetan eta arlo horrekin lotutako instalazioetan. Era berean, ezarri zuten Unibertsitateko irakasleek kanpoko ebaluatzaile profesional gisa hartuko zutela parte ikasleek egindako ikerketa-proiektuetan, dela zuzenean (epaimahaietan parte hartu, ebaluazioa egin, etab.), dela zeharka (aholkularitza, zalantzak argitu, etab.).