Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) drone sistema bat garatzeko proiektu baten buru da, Sevillako Unibertsitatearekin eta Sistemas Navarra eta FuVeX Civil enpresa nafarrekin batera. Proiektuan garatuko duten sistema gai izanen da irudi termikoak automatikoki hartzeko eta analizatzeko, VTOL motako aireontziak erabiliz (“Vertical Take-Off and Landing”, hau da, aireratze eta lurreratze bertikalekoak). HOLISTIC du izena proiektuak, eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa eta Europar Batasuneko Next Generation funtsak dira finantzatzaileak. 

Proiektuaren helburua da VTOL motako aireontziek hegaldi segurua egitea. Mota horretako aireontziek arrisku handiagoa izaten dute “copter” motako hegaldietatik “plane” motako hegaldietara pasatzeko trantsizio-prozesuetan, hau da, helikopteroen antzera hegan egitetik (bultzada bertikala) hegazkinek bezala hegan egitera pasatzekoetan(luzetarako bultzada).

zoom Proiektuan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Manuel Tejada (NUP), Jesús Viladangos Alonso (NUP), Juan Ríos Carralero (NUP), Alberto Córdoba Izaguirre (NUP), Thomas Betancour (Sistemas Navarra), Miguel Villanueva Senosiain (Sistemas Navarra) eta José Javier Astrain Escola (NUP).

Proiektuan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Manuel Tejada (NUP), Jesús Viladangos Alonso (NUP), Juan Ríos Carralero (NUP), Alberto Córdoba Izaguirre (NUP), Thomas Betancour (Sistemas Navarra), Miguel Villanueva Senosiain (Sistemas Navarra) eta José Javier Astrain Escola (NUP).

Bestalde, proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, halako droneek irudiak har ditzaten, ahalik eta mantsoena egin behar dute hegan; VTOL motako aireontziek, ordea, gutxieneko abiadura bat behar dute (galera-abiadura) “plane” moduan hegan ari direnean hegaldiari eusteko.

Ikertzaileek droneen operatiba landuko dute, eta droneek operatiba automatikoki egitea eta irudiak ahalik eta kalitate handienarekin hartzea nahi dute. Horretarako, sistema adimendun bat diseinatuko dute aireontziari ahalmena emanen diona erabakitzeko zer arauri jarraitu hegan egiteko eta zein den unerik egokiena irudiak ahalik eta kalitate handienarekin hartzeko. “Proiektuaren helburu komertziala da aldian-aldian aztertu beharreko azpiegituren irudien analisiak egiten dituzten zenbait merkatutan erabili ahal izatea VTOL aireontziak, adibidez instalazio fotovoltaikoen irudien analisiak egiten dituztenetan”, esan dute ikertzaileek.

NUPeko ikerketa-taldea

NUPeko ikerketa-taldea Alberto Córdoba Izaguirre, José Javier Astrain Escola eta Jesús Villadangos Alonso (biak, ISC Institutuari atxikiak) irakasle eta ikertzaileek osatzen dute, eta Juan Ríos Carralero eta Manuel Tejada Muñoz ikertzaileek ere hartzen dute parte proiektuan.


PLEC2021-007997 proiektua, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioko Ikerketarako Estatu Agentziak (10.130.39/501100011033) eta Europar Batasunak (NextGenerationEU/PRTR) finantzatua

Proyecto PLEC2021-007997 financiado por MCIN/AEI/10.130.39/501100011033 y por la Unión Europea NextGenerationEU/PRTR