Idoia Labayen Goñi irakasle eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ISFOOD Institutuko zuzendaria Espainiako kirolean eragin handiena duten ehun emakumeen rankingean sartu dute. Women's Sports Institutek egiten du ranking hori. Sailkapen horrek (Top Women in Sport) emakume nabarmenei egiten die aitorpena, zazpi kategoriatan: kirolaren figura, kirolari paralinpikoa, kirolari berri onena, talde teknikoa, zuzendari eta enpresaburua, kirol kazetaria, eta ikerketako, berrikuntzako eta teknologiako profesionala. Azken atal horretan sartu dute NUPeko irakaslea, beste bederatzi profesionalekin batera (haietako hiru ikertzaileak dira, Idoia Labayen bezala).
Idoia Labayen Fisiologiako irakasle titularra da NUPeko Osasun Zientzien Sailean. Unibertsitateko ikasketak Nafarroako Unibertsitatean (Biologia Zientzietako Lizentzia eta Fisiologiako eta Nutrizioko Doktoretza), Salamancako Unibertsitatean (Nutrizioko Ikerketarako Gaitasuna) eta Granadako Unibertsitatean egin zituen (Nutrizioko eta Dietetikako Masterra). Ibilbide profesionalari dagokionez, Fisiologiako eta Nutrizioko ikertzaile laguntzaile eta irakasle elkartu gisa lan egin zuen Nafarroako Unibertsitatean (2002ra arte), Nutrizioko eta Bromatologiako irakasle titular aritu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (2017ko apirilera arte) eta, orduz geroztik, NUPen dihardu.
Obesitatearen tratamendua
Obesitatearen ikerketa metabolikoa, etiopatogenia eta tratamendua ditu ikerketa-lerro nagusi, batez ere haurrei eta nerabeei buruzkoak. Ikerketa-talde hauetako zuzendaria da: NUPeko ELIKOS taldea (Nutrizioa eta ariketa fisikoa osasunerako); Campus Iberuseko PEANUT ekintza-taldea (Personalized nutrition and healthy lifestyle [Nutrizio pertsonalizatua eta bizimodu osasungarria]); eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuko Diabetesaren eta Gaixotasun Metabolikoen Taldea. Ikertzaile nagusi gisa, lehiaketa bidezko deialdi publikoetan finantzatutako ikerketa-proiektu ugariren zuzendaria izan da, eta obesitatearekin eta arrisku kardiobaskularrarekin lotutako Europako zenbait proiektutan hartu du parte. Horren erakusgarri dira JCR aldizkarietan argitaratutako 200 artikulu zientifiko baino gehiago, horietatik % 70etik gora lehenbiziko kuartileko aldizkarietan eta % 30etik gora lehenbiziko dezilekoetan.
Idoia Labayenek lau liburu eta monografietako zortzi kapitulu ere argitaratu ditu, gaztelaniaz zein euskaraz. Gainera, doktoratu ondoko hiru ikerketa-egonaldi egin ditu, lehiaketa bidezko beka publikoen bidez finantzatuak: lehenbizikoa, Karolinska Institutuan (Stockholm, Suedia, 2009 eta 2010); bigarrena, Augustako Georgia Prevention Instituten (Georgia, Estatu Batuak, 2012); eta azkena, Txileko Unibertsitate Katolikoko Medikuntza Fakultatean (Santiago, Txile, 2023). Halaber, Estatuko Ikerketa Agentziako ebaluatzaile aditua da (lehengo ANEP), eta Biztanle Berezien Ariketa Fisikoa eta Osasuna izeneko ikerketa-sareko zuzendaritza-batzordeko kidea. Ikerketa-sari batzuk ere jaso ditu bere ibilbidean; aipatzekoa da, adibidez, Osasun Ministerioaren Elikadura Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziaren obesitateari buruzko osasun-arloko ikerketa-proiektu onenaren saria (NAOS 2018).
Top Women in Sport ekimenak, Women's Sports Institute erakundeak bultzatuak, emakumeek kirolean duten ikusgarritasuna areagotzeko beharrari erantzuten dio, eta, orobat, kirolaren esparru guztietan lan egiten duten emakume askoren inplikazioa, dedikazioa eta eragina aitortu nahi ditu, hala nola kirolariena, zuzendariena, entrenatzaileena, ikertzaileena eta kazetariena.