Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ekitaldi bat egin du gaur, ekainaren 24an (astelehena), berekin elkarlanean aritu diren enpresa eta entitateen lana aintzatesteko; izan ere, programa akademikoak ebaluatzen, egokitzen eta hobetzen lagundu diote Unibertsitateari haren inguruan dauden premiei zuzenean erantzuteko. Elkarlan hori lagungarria izan da NUPeko sei ikastegiek (lau fakultate eta bi eskola) akreditazio instituzionala lor dezaten. Hala, NUP Espainiako unibertsitate publikoen artean lehenbizikoetakoa izan da akreditazio prozesua unibertsitatearen ikastegi guztietan bukatzen.

NUPeko ikastegi guztiek akreditazio instituzionala lortu izanak esan nahi du Unibertsitateen Kontseiluak bikaintasuna aitortu diola NUPi graduko eta masterreko ikasketen kalitatearen kudeaketan. Horren ondorioz, sei urterako berrituko da Unibertsitateko graduko eta masterreko titulu bakoitzaren akreditazioa, eta ez da beharrezkoa izanen titulu bakoitzari kanpoko ebaluazioa egitea. 

zoom Ekitaldiko parte-hartzaileak.

Ekitaldiko parte-hartzaileak.

“Lorpen garrantzitsu horretarako, laguntza eta dedikazio handia eman du Unibertsitate barreneko eta inguruko jende askok; gure komunitateko profesional nabarmenak dira, eta eskuzabaltasunez lagundu dute gure ikasketen kalitatea hobetzen eta gizartearen premia aldakorretara egokitzen”, esan du Inmaculada Farran Blanch Irakaskuntzako errektoreordeak. NUPen 2020-2023ko Plan Estrategikoan jasoa zegoen akreditazio hori unibertsitatearen ikastegi guztietarako lortzeko konpromisoa.

Ekitaldi instituzionala

Ekitaldia 12:30ean hasi da, eta Javier Vidorreta Salillas NUPeko Gizarte Kontseiluko presidenteak eta Patricia Fanlo Mateo Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak aurkeztu dute. Gero, Irakaskuntzako errektoreorde Inmaculada Farranek hartu du hitza, eta akreditazio instituzionalak lortzeak zer esan nahi duen eta zer ondorio dituen azaldu du. 

Horren ondotik, Martin Larraza Kintana Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordeak “Begiratu bat gizartearen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren etorkizunari” izeneko mahai-ingurua moderatu du. Mahai-inguruan, hauek hartu dute parte: Sandra Cavero Brújula Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoak, Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, José Antonio Arrieta Garnica Arpa Abogados enpresaren lehendakari eta aholkulari-ordezkariak, Javier Fernández Montalvo Osasun Zientzien Fakultateko dekanoak, Natalia Bellostas Muguerza INTIA enpresa publikoko zuzendari kudeatzaileak eta Javier Goicoechea Fernández Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariak. Azkenik, Ramón Gozalo NUPeko errektoreak eman dio bukaera ekitaldiari.