Osasun arloko berrogei langilek berriki amaitu dute Osasun Zerbitzuen Antolaketako eta Kudeaketako Adituaren Diplomako prestakuntza. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) emandako titulu bereki bat da. Ikastaroa zentro, ekipo eta jarduera kliniko eta administratiboen zuzendaritzarekin eta kudeaketarekin lotutako profesionalentzat da, eta helburua du osasun sisteman pertsonen eta erakundeen zuzendaritza zehazten duten alderdien ikuspegi integral bat ematea. Orain arte egindako sei edizioetan, 246 lagunek jaso dute osasun arloaren kudeaketako prestakuntza hori.


Antonio López Andrés, Eduardo Sánchez Iriso eta Nuria Eraso Osés (erdian, lehen lerroan) Osasun Zerbitzuen Antolaketako eta Kudeaketako Adituaren VI. edizioko ikasleekin.
Ikastaroaren amaieran izan ziren Antonio López Andrés Nafarroako Gobernuko Osasuneko zuzendari nagusia; Eduardo Sánchez Iriso NUPeko Ekonomia Saileko Ekonomia Aplikatuko irakaslea eta zuzendari akademikoa; eta Nuria Eraso Osés erakunde akademikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanordea.
Ikastaro hori urritik ekainera bitartean egin da, eta 250 ordukoa izan da. Osasunbideak finantzatu du, eta NUP Fundazioarekin izandako lankidetzaren emaitza da. Erakunde akademikoaren “In Company” prestakuntza-ekimenaren barruan dago, zeina neurrira egina baitago enpresa eta erakundeentzat.
Eskari handiagoa ikaspostu kopurua baino
Osasunbideko profesionalek osatu dute ikasle taldea, bai erizaintzakoek, bai medikuntzakoek eta bai administraziokoek. Prestakuntza horren eskari handiaren erakusgarri, hirurogei eskaera jaso dira amaitu berri den edizio honetan eskuragarri dauden berrogei ikaspostuetarako, eta formatu horrekin egiten den azken-aurrekoa izanen da.
Ikastaroaren hurrengo edizioa irailean hasiko da, eta Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuan ardura-karguren bat dutenek edo beren eginkizunak Osasunbidean betetzen dituztenek abuztuaren 20ra arteko epea dute izena emateko. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu NUP Fundazioaren webgunea.