Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “online” ikastaro pilotu bat egin du seihileko honetan, Psikologiako Graduko kanpoko curriculum-praktiken tutoretza errazteko. Ikastaroaren barruan daude, beste eduki batzuen artean, zeregin horretarako tresnei eta jardunbide egokiei buruzko adibideak. “Tutoriza” izeneko prestakuntza horretan, aipatu titulazioko azken ikasmailako ikasleak hartu dituzten erakunde publiko zein pribatuetako 42 tutorek hartu dute parte.

zoom NUPeko ikasleak, Arrosadiko campuseko liburutegian.

NUPeko ikasleak, Arrosadiko campuseko liburutegian.

Prestakuntzaren xedea da tresna erabilgarri bat eskaintzea unibertsitatearekin kanpoko curriculum-praktiketako ikasleen tutoretzan laguntzen dutenei. Horrez gain, erakunde akademikoaren eta haren praktiketako programen ikuspegi orokor bat eskaini nahi da, bai eta tutoretza egiten dutenei tresnak eman ere beren lana modu optimoan egiteko.

Tutoretza egiteko tresnak eta jardunbide egokiak

“Tutoriza” ikastaroak ordubete inguruko iraupena du, baina informazio eta irakurketa gehigarriekin luzatzen ahal da prestakuntzan sakondu nahi dutenentzat. Ikastaroaren edukietan bi modulu daude: praktiketako programa eta entitatean tutoretza egiten duenaren zeregina. Lehenbiziko kasuan, gradu bakoitzeko curriculum-praktikak landuko dira, eta besteak beste honako hauei buruzko informazioa emanen da: titulazioaren edukiak, egresatuen profila, ikasleen gaitasunak eta praktiketako irakasgaia (iraupena, ikasleek eskuratu behar dituzten gaitasunak eta ebaluazioa). Tutore-lanetan ari denari dagokionez, zeregin horretarako tresnak eta jardunbide egokiak aurkeztuko dira, ikasleak entitatean hasten direnetik joaten diren arte.

Proiektu pilotu horrek hobetzeko proposamenak eta balorazioak jasoko ditu. 2024/2025 ikasturtetik aurrera, ikastaroan parte hartzen ahalko dute NUPen urtero egiten diren graduko ia 4.000 curriculum-praktiken tutoretza egiten duten guztiek.

Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak sustatu du ekimena. Unibertsitateko sei fakultate eta eskolek parte hartzen dute, eta NUP Fundazioak kudeatzen du.