Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) zabalik du datorren astean eginen diren bi udako ikastaroetarako inskripzio-epea. Lehena, “Ondarea, Hezkuntza eta Lurraldea”, ekainaren 24tik 27ra izanen da, eta bigarrena, “Ekologiari buruzko Nafarroako Udako Eskolaren 10. edizioa”, ekainaren 27an izanen da. Bi monografikoei buruzko xehetasunak  Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal dira, eta han matrikula egiteko aukera ere badago. 

Lehen ikastaroaren helburua da hezkuntzari buruzko legeak (LOMLOE) ondare hezkuntzari (naturalari, kulturalari, materiagabeari) ematen dion protagonismo bereziari erantzutea. Nafarroan ondarea kontserbatu, erakutsi eta ikertzen duten erakundeen eta hezkuntza formaleko erakundeen arteko topagunea sortu nahi du (Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzakoak), haietan egiten ari diren hezkuntza-jarduerak eta -baliabideak ezagutarazi eta partekatzeko eta, hala, elkarlana bultzatzeko LOMLOEk ezarritako helburuak betetzearren. Amaia Arriaga Azcárate Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak eta Elur Ulibarrena Ondarezain Elkarteko kideak zuzentzen dute ikastaroa. 

Bigarren ikastaroa da “Ekologiari buruzko Nafarroako Udako Eskolaren 10. edizioa: Basoetako paisaien kudeaketa mundu aldakor honetan”. Ikastaro horretan aztertuko da nola basoetako paisaiak nabarmen ari diren jasaten klima-aldaketaren ondorioak. Hortaz, basoetan gizon-emakumeek egiten dituzten jarduerak aldatzen ari dira (basoen, abeltzaintzaren, larreen eta ehizaren kudeaketa) errealitate berrietara egokitzeko, klima ez ezik lurzoruaren erabilera ere aldatu egin baita. Ikastaro honetan, basoetako paisaien egoera berria nolakoa den azalduko dugu, eta baita ere zer desafiori egin behar diegun aurre haiek kudeatzeko.