Joan eduki nagusira

Unibertsitateen G-9 Taldeak zabalik du Graduko ikasleentzako Prestakuntza Plan berrian izena emateko prozesua. Eskaintza akademikoa 27 ikastarok osatzen dute (osotara 39 ECTS), eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotutako gaiak lantzen dituzte. Orobat prestakuntza osagarriko kreditu gisa (unibertsitate-hedadura) aitortzen ahalko dira graduko ikasketa ofizialen barruan. Izena emateko epea ekainaren 30eko 14:00etan amaituko da, eta G-9 Taldearen webgunearen bidez egiten ahal da. 

Plan honen eskaintzari esker, G-9 Taldeko unibertsitateetako graduko ikasleek “online” prestakuntza egiten ahalko dute GJHen inguruko gai hauekin: genero-berdintasuna (5), desberdintasunak murriztea (10), klimaren eta bakearen aldeko ekintza (13), justizia eta erakunde sendoak (16), besteak beste. 

zoom Ikasle batzuk NUPen.

Ikasle batzuk NUPen.

Prestakuntza-plana graduko ikasleentzat

Lehen edizio honetan, 27 ikastaro zuzentzen zaizkie G-9 Taldeko kide diren unibertsitate publikoetako Graduko ikasleei. 810 ikaspostu eskaintzen dira, eta ikasleak zozketa bidez onartuko dira. Ikasle bakoitzak gehienez bi ikastarotan izen emateko aukera izanen du. Ikastaroak “online” modalitatean emanen dira 24-25 ikasturtean eta matrikula doakoa da. 

G-9 Taldeko Unibertsitateen Campus Digital Partekatuko zuzendari David Benitoren hitzetan, “Garapen Jasangarrirako Helburuei buruzko prestakuntza-plan berri hau bereziki zuzenduta dago beren prestakuntza akademikoa etorkizunerako funtsezkoak diren ezagutzekin osatu nahi duten graduko ikasleei”. “Planak hainbat ikastaro eskaintzen ditu praktika eta teoria uztartzen dituztenak gure garaiko erronka globalei aurre egiteko", azaldu du zuzendariak. 

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren Espainiako unibertsitate publikoek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitateak, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitateak, Balear Uharteetako Unibertsitateak, Errioxako Unibertsitateak, Oviedoko Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Zaragozako Unibertsitateak. Gainera, 2023tik, Murtziako Unibertsitatea G-9 Taldekoa da unibertsitate laguntzaile gisa.