Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle, administrazioko eta zerbitzuetako langile eta ikasleek bat egin dute Palestinaren aldeko Unibertsitate Sarearekin (RUxP). Sarearen helburua da “Espainiako unibertsitate-komunitate osoa ahots bakarraren atzean biltzea goi mailako hezkuntzako erakundeek duintasunez eta nazioarteko zuzenbidearen arabera erantzun diezaioten” Gazako eta Zisjordaniako egoerari. 44 unibertsitatek osatutako aliantza horren lehen lehen ekintza izan da Francesca Albanese italiar legelariaren "online" hitzaldi bat . NBEk Palestinako lurralde okupatuetako giza eskubideetarako duen errelatoreak munduko eremu horretan giza eskubideak zer egoeratan dauden aztertu zuen nazioarteko zuzenbidearen arabera, eta egoera “genozidiotzat” jo zuen.

zoom NUPen Palestinaren aldeko Unibertsitate Sarea bultzatzen duten langile eta ikasleak.

NUPen Palestinaren aldeko Unibertsitate Sarea bultzatzen duten langile eta ikasleak.

NUP izan da Francesca Albaneserekin  harremanetan jarri ziren 44 unibertsitatetako 55 campusetako bat. Georgetowneko Unibertsitateko (Estatu Batuak) Nazioarteko Migrazioak Aztertzeko Institutuko ikertzaile elkartua eta hainbat unibertsitatetako irakasle gonbidatua da Albanese, eta nazioarteko zuzenbidea eta biztanleriaren lekualdatze behartuak irakatsi ditu. 2020an, bere azken liburua argitaratu zuen, “Palestinian Refugees in International Law” izenburua duena (Palestinar errefuxiatuak nazioarteko zuzenbidean), Oxford University Press-ek argitaratua.

Palestinako biztanleriari gizatasuna kentzea

Martxoaren 26an, Francesca Albanesek “Genozidio baten anatomia” izeneko txostena  aurkeztu zuen Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluan. NBEko errelatore berezia txosten horretan oinarritu zen Palestinaren aldeko Unibertsitate Sarean hitzaldia emateko. Hala, egungo gatazka 75 urte baino gehiago irauten duen prozesu luze baten barruan kokatu zuen, eta Gazak bizi duen egoera "genozidiotzat” jo zuen, “Palestinako biztanleriari talde gisa nahita gizatasuna kendu gabe ezinezkoa izanen zen genozidiotzat, hori baita palestinarren garbiketa etnikoaren eta apartheidaren historiaren bereizgarria". “Kasu horretan, jokabide genozida hain da nabarmena Gazan, ezen aurre egin behar diogu, hari aurrea hartu eta zigortu egin behar da”, esan zuen Francesca Albanesek, eta erantsi zuen “Nazio Batuetako kide diren estatu boteretsu gutxi batzuek babes militar, ekonomiko eta politikoa eman diotela Israeli ankerkeriak egiten zituen bitartean". Alde horretatik, eskatu zuen nazioarteko komunitateak ezar diezazkiola Israeli arma-blokeoa eta zigorrak".

Hitzaldiaren ondoren, Palestinaren aldeko Unibertsitate Sarea osatzen duten NUPeko kideek elkarretaratze bat egin zuten goiburu honekin: “Stop genozidioari. Elkartasuna Palestinarekin”.

Palestinaren aldeko Unibertsitate Sareak ekitaldi akademikoak antolatu nahi ditu beste batzuekin batera Espainiako ahalik eta unibertsitate gehienetan “erakundeek palestinar herriaren genozidioaren aurrean duten jokabide pasiboaren eta konplizitatearen aurka”.

NUPen erantzun instituzionala

Unibertsitateko komunitateko sektoreek Palestinako egoerari buruz adierazitako kezkari helduz, NUPen erantzun instituzionala Gobernu Kontseiluak joan den maiatzaren 21ean egindako bileran onetsitako zenbait konpromisotan gauzatu da. Hala, erakunde horrek aho batez onetsi zuen erabaki bat. Erabaki horren bidez, Unibertsitateak konpromisoa hartzen du merkataritza- eta irakaskuntza-harremanak berraztertzeko eta saihesteko Palestinako egoerari dagokionez giza eskubideak eta nazioarteko eskubideak errespetatzen ez dituztenekin, eta bereziki konpromisoa hartzen du “harremanik ez izateko Palestina gertatzen ari diren gizateriaren aurkako krimenak esplizituki gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta entitateekin.

Horrez gain, NUPek konpromisoa hartzen du, bere eskumenen esparruan, ikasle eta irakasle errefuxiatuentzako laguntza-programa sendotzeko, eta, horrenbestez, Palestinako errefuxiatuen beharrak asetzeko, bai eta Palestinako unibertsitateekin lankidetza-hitzarmen gehiago sinatzea aztertzeko ere. Adierazpen osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.