Amagandiko edoskitzea, kulturartekotasuna eta migranteen inklusioa, gaixotasun arraroak edo Nafarroako Pirinioen egoera dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Udako Ikastaroen aztergai nagusiak datorren asterako. Monografiko horietan izena emateko epea zabalik dago, eta NUPeko Udako Ikastaroen webgunearen bidez egiten ahal da, non xehetasun guztiak kontsultatzen ahal baitira.
Ikastaro bakoitzaren xehetasunei helduz, “Edoskitzeko zailtasunen lanketa integrala” izeneko ikastaroa ekainaren 17tik 21era bitartean eginen da, eta haren zuzendariak dira Ana Insausti Serrano NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakaslea eta Izaskun Montori Rodrigo fisioterapeuta eta Pediatrian espezializatutako osteopata. Ikastaroan aztergai izanen dituzte amek amagandiko edoskitzeari dagokionez dituzten zailtasunak eta nola profesionalen koordinazioa funtsezkoa den arazoei irtenbidea aurkitzeko.
Bestalde, “Kulturartekotasuna migratzaileei laguntzeko eta haien inklusio sozialerako” ikastaroa ekainaren 17an eta 18an eginen da Lucía Martínez Virto NUPeko Gizarte Laneko Saileko irakaslearen eta Marcela Bejarano Riveros erakunde akademikoko Herritarrei, Bizikidetzari eta Pluralismoari buruzko Unesco Katedrako kidearen zuzendaritzapean. Hitzaldi teorikoez gain, esperientziak trukatzeko eta mintzatzeko lekua ere izanen da, eta herritarrak protagonista izanen ditu.
Gaixotasun arraroei buruzko ikerketa eta Nafarroako Pirinioak
Ekainaren 18an eta 19an “Gaixotasun arraroei aplikatutako ikerketa teknologikoa” izeneko ikastaroaren txanda izanen da. Esther Vicente Cemborain Osasun Zientzien Saileko irakasle eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) Gaixotasun Arraroen Nafarroako Biztanleen Erregistroko teknikariak (RERNA) zuzentzen du ikastaroa. Monografikoa interesa duen edonorentzat da, eta gai horretan Nafarroan egiten ari diren ikerketa teknologikoko proiektu nagusien emaitzak ezagutzera ematea du helburu. Orobat gaixotasun arraroak tratatzeko nola aplikatzen diren azalduko da.
“Nafarroako Pirinioak: etorkizunerako ate bat zabalik” izeneko ikastaroa ekainaren 22an eginen da Javi Eseverri Otsagabiko zentro soziokulturalean, eta Mikel Aoiz Iriarte herriko alkateak, Elvira Sanz NUPeko irakasleak eta Begoña López García kazetari, Artearen historialari eta Dos Navarras elkarteko buruak zuzentzen dute. Ikastaroak NUPeko Zientziaren eta Ondarearen Errege Bardea Katedraren eta Silken Puerta de Irati hotelaren laguntza du. Monografikoan dibulgazio zientifikoko jarduerak proposatuko dira, eta tokiko kulturaren ezagutzarekin lotuko dira.