Joan eduki nagusira

Aste honetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Tuterako campusean, “Zenbakizko Tutera: Francisco Javier Sayas zenbakizko analisiko ikastaroa eta topaketa” eginen da. Matematika aplikatuaren diziplinako hogeita hamar bat espezialista elkartuko dira, eta hiru herrialdetako hamar unibertsitate eta ikerketa-zentrotatik datoz (Espainia, Estatu Batuak eta Italia). Topaketa gaur hasi da, asteartea, ekainak 11, eta heldu den ostiralean amaituko da, ekainak 15. Gorazarre eginen zaio Francisco Javier Sayas González (1969-2019) aitaren aldetik sustraiak Nafarroan zituen Aragoiko ikertzaile ospetsuari. Ikertzailea Delawareko unibertsitate iparramerikarrean irakasle lanetan zebilela hil zen.

“Zenbakizko analisiak, matematika aplikatuetako funtsezko diziplinak, aztergai du algoritmoen sorrera, analisia eta ezarpena zientziako eta ingeniaritzako problema konplexuak modelatzen dituzten ekuazio matematikoen ebazpen hurbildurako”, azaldu du Victor Dominguez Baguena NUPeko Tuterako campuseko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle eta topaketaren antolatzaileak. 

zoom “Zenbakizko Tutera” topaketako parte-hartzaileak, NUPen Tuterako campusean egindako inaugurazio-ekitaldian.

“Zenbakizko Tutera” topaketako parte-hartzaileak, NUPen Tuterako campusean egindako inaugurazio-ekitaldian.

Aste honetako bilerak oinarri izanen ditu Luca Bonaventura Milaneko Politeknikoko (Italia) irakasleak eta Catalin Turc New Jersey Institute of Technology-ko (AEB) irakasleak emandako bi ikastaro. Zenbakizko metodoen alderdi espezializatuei buruzko ikastaro horiekin batera, iraupen laburragoko hitzaldiak emanen dira Espainiako hainbat unibertsitatetako irakasleen eskutik, gai sorta zabal bati buruz: simulazio hidrodinamikotik hasi eta zenbakizko simulazioan adimen artifizialeko teknika berriak sartzeraino. Programa osatzeko, software libreari buruzko tailer praktiko bat eginen da eta Espainiako zenbakizko analisiaren jatorri historikoari eta fenomeno hidrodinamikoen simulazioan (esaterako, Ebroko marea eta ur-goraldi tipikoak) berriki izan duen aplikagarritasunari buruzko dibulgaziozko hitzaldi bat emanen da jende guztiarentzat.

Laguntza ikertzaile gazteentzat

“Ekitaldiaren helburu nagusia da arlo horretako ezagutzen eta azken aurrerapenen trukea sustatzea, harreman pertsonalak erraztuko dituen giro murriztu batean – azaldu du Victor Dominguezek –. Gure ikertzaile gazteek arreta berezia merezi dute, eta topaketan, poster- saio batean parte hartzeko aukera izanen dute. Saioan, beren ibilbide akademiko hasi berrian lortutako lehen emaitzak aurkeztuko dituzte, eta askotariko mundu akademiko batean harremanak egiteko eta lankidetzak izateko aukera eman dien talde zabal batean integratuko dira.

Honako erakunde hauetakoak dira topaketako 34 parte-hartzaileak: Milaneko Politeknikoa, New Jersey Institute of Technology, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Santiago de Compostelako Unibertsitatea, Sevilla, Valladolid eta Zaragozako unibertsitateak, Basque Center of Applied Mathematics eta Defentsaren Zaragozako Unibertsitate Zentroa. 

zoom Luca Bonaventura Milaneko (Italia) Politeknikoko irakaslea, hizketan.

Luca Bonaventura Milaneko (Italia) Politeknikoko irakaslea, hizketan.

Omenaldia ikertzaile ospetsu bati

Topaketan gorazarre eginen zaio Francisco Javier Sayas Gonzálezi (1969-2019). Sabiñanigon (Huesca) jaio zen, eta aitaren aldetik Buñuelgoa (Nafarroa) zuen familia. Matematikari eta ikertzaile ospetsua, ekarpen garrantzitsuak egin zizkion zenbakizko analisiari eta simulazio konputazionalari. Zaragozako Unibertsitatean egin zuen doktoretza, eta erakunde horretako irakasle izan zen Estatu Batuetara joan aurretik, Minnesotako Unibertsitatera lehenik, eta 2010etik aitzina, Delawareko Unibertsitatera.

Aztergai zituen zenbakizko metodoak, eta bereziki ekuazio integralak eta ekuazioak deribatu partzialetan. Artikulu ugari argitaratu zituen eragin handiko aldizkari zientifikoetan, gonbidatu gisa parte hartu zuen nazioarteko biltzarretan eta zenbakizko analisian espezializatutako zenbait liburu idatzi zituen, zeinek sakontasun teknikoa eta zorroztasun akademikoa baitzituzten.

Bere ondareak iraun egin du, batez ere, bere ikasleengan utzitako marka ezabaezinagatik, zuzendu zituen doktoretza-tesi ugarietan izandako tratu pertsonal eta profesionalagatik, eta pertsona horien artean mundu akademikoan jarraitu zutenen lehen urratsetan egin zuen gidari-lanagatik.

“Zenbakizko” topaketak

Francisco Javier Sayasi zor zaio “Zenbakizko Zaragoza”, 2003tik 2007ra bitartean urtero egin zen ekitaldi bat. Ekitaldiaren xedea zen zenbakizko analisiko, matematika konputazionaleko eta oro har matematikako ikerketa sustatzea, ikastaro, lantegi eta hitzaldien bidez. Estatu Batuetara joan ondoren, eskola horiek Espainiako beste hiri batzuetan egiten jarraitu zuten (Sevilla, Cádiz, Ciudad Real eta Valentzia), lankideek antolatu baitzituzten Sayasek urrutitik laguntzen ziela. 

Ikertzailea 2019an hil zelarik, 2022an berriz ekin zioten ekitaldi hori antolatzeari Sayasen “alma materrean”, Zaragozan, haren memoriari gorazarre egiteko eta topaketari segida emateko, Sayasekin harremana izan zuten konpromiso gisa. Sayas ezagutu zutenen iritzian, esaterako Víctor Domínguez, “bere ibilbide akademiko trinko baina zoritxarrez laburrean egindako ekarpenik baliotsuenetako eta maitatuenetako bat izan zen”.