Joan eduki nagusira

Julen Bacaicoa Díaz (Iruñea, 1994) ingeniariak sistema bat garatu du modu efiziente eta ekonomikoagoan neurtzeko industria eolikoan erabiltzen diren aerosorgailuen osagai zirkular jakin batzuek jasaten duten deformazioa. Zeregin horretarako beharrezkoak diren sentsoreen kopurua % 75 murrizteaz gainera, metodo bat asmatu du sentsoreak modu optimoan kokatzeko, eta horrek aukera ematen du aktibo horiek monitorizatzeko beharrezkoa den doitasuna hobetzeko. Hala jasotzen du haren doktoretza-tesiak . Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu du, Xabier Iriarte Goñi NUPeko Ingeniaritza Saileko irakasle eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailearen zuzendaritzapean.

“Industria eolikoa zabaldu eta sendotu ahala, gainditu beharreko erronkak sortu dira baliabide natural hori ahalik eta gehien aprobetxatzeko —esan du Julen Bacaicoak—. Horietako bat da martxan dauden aerosorgailuen errendimendua ulertzea eta optimizatzea, haien bizitza baliagarria modu errentagarrian luzatzeko”. Alde horretatik, haizeak aerosorgailuan eragindako indarraren estimazioa (haize-karga deiturikoena)  “funtsezkoa da, karga horiek egitura osoan zehar transmititzen baitira eta osagai guztiei eragiten baitie”. “Gehien jasaten dutenetako bat aerosorgailuaren errotorea da, hau da, haizearen mugimendua sorgailu elektrikora transmititzen duen ardatza”, erantsi du.

zoom Julen Bacaicoa Díaz ingeniaria, NUPen ateratako argazkian.

Julen Bacaicoa Díaz ingeniaria, NUPen ateratako argazkian.

Hori dela eta, Julen Bacaicoak aerosorgailuen atal zirkular batzuk nabarmendu zituen bere ikerketan, hala nola errotorea eta dorrea, haietan jasaten dituzten karga mekanikoen estimazio zehatzak egiteko, haizearen indarrak materialaren nekea eta behar baino lehenagoko akatsak eragin baititzake behar bezala monitorizatzen ez badira. 

Modelo matematiko baten bidez, Julen Bacaicoak ezarri du zein posiziotan instalatu behar diren neurketa-sentsoreak, horrela kargak zehazteko ahalik eta ziurgabetasun txikienarekin”. Haren ikerketaren arabera, posible da denak kalkulatzea sei sentsore bakarrik erabiliz (galga estentsometriko deiturikoak). “Egun 24 erabiltzen dira”. “Deformazio-sentsoreen kopurua nabarmen jaisten da, eta horrek nabarmen murrizten ahal du orobat neurketa-sistemaren kostua, batez ere, handia denean, esaterako, zuntz optikoko deformazio-sentsoreak erabiltzen badira”, esan du NUPeko doktore berriak. Horrez gain, beste sentsore bat gehituz, gehienez ere zazpi, tenperaturak neurketetan duen eragina konpentsatzen da, eta horrela doitasun handiagoa lortzen da. 

Azkenik, Julen Bacaicoak aztertu du nola sentsoreen kokapen zehaztugabeak erroreak eragiten ahal dituen kargen kalkuluan. “Kokatzeko errore txiki batek ere, esaterako 1°- 2° arteko desdoitze bat sentsorearen angeluan, % 5etik % 15era bitarteko errore esanguratsuak eragiten ahal ditu kargen kalkuluan”, azaldu du doktore berriak.

Curriculum laburra

Julen Bacaicoa Díazek NUPen egin zituen, hurrenez hurren, Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua, Industria Ingeniaritzako Masterra eta doktoretza, zeinak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu baitzuen. Doktoretza-tesia egiten ari zela, ikerketa-egonaldia egin zuen Sevillako Unibertsitatean.

IMAC Ikerketa Taldeko (Ingeniaritza Mekaniko Aplikatua eta Konputazionala) eta ISC Institutuko kidea da. Horrez gain, aldizkari indexatuetan argitaratutako hiru artikulu zientifiko idatzi ditu, bakarrik edo elkarlanean, eta bost hitzaldi eman ditu estatuko eta nazioarteko kongresuetan. Eskualde mailako lau ikerketa-proiektutan parte hartu du orobat.

Haren ikerketa-lana NUPeko irakaskuntza-lanekin osatzen da. 2020an, zeregin horretan hasi zen, Ingeniaritza Saileko irakasle lankidearen lanetan. Egun, eta 2021az geroztik, irakasle elkartua da, eta eskolak ematen ditu Materialen Erresistentzia eta Malgutasuna eta Makinen Teoria irakasgaietan, bai gaztelaniaz bai euskaraz.