Joan eduki nagusira

“Informazio eta bigilantzia sistemak Osasun Publikoan: ikertuko al dugu?” da heldu den astean hasiko diren Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) udako lehen ikastaroaren izenburua. Zehazki, monografikoa ekainaren 13 eta 14an eginen da Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, eta izena emateko epea zabalik dago oraindik. NUPek eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak antolatu dute ikastaroa, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.

zoom NUPeko Osasun Zientzien Fakultatea.

NUPeko Osasun Zientzien Fakultatea.

Ikastaro honen helburua da eskura dauden osasun informazioko sistemen ikuspegi orokorra ematea, baita haiek ikerketa epidemiologiaren eta osasun publikoaren esparruan ikerkuntzarako erabiltzeari buruz ere. Gainera, azalduko da orobat nola haien bidez posible den osasun publikoko arazo nagusiak identifikatzea, informazioaren kudeaketaren eta fluxuaren ezaugarriak ezagutzea eta ikerkuntzan duten eragina identifikatzea, osasun publikoan bigilantzia sistemak hobetzeko eta erabakiak hartzeko xedez. Ikastaroan sinposio bat eginen da, eta, han, osasun arloko informazio sistemekin lotutako zenbait komunikazio aurkeztuko dira, ikertzaile gazteek bidalitakoen artetik hautatuak.

Ekitaldia jende guztiarentzat da, batez ere osasunaren arloko profesional eta ikertzaileentzat, baita esparru soziosanitarioko ikasleentzat (gradukoak, masterrekoak, osasun espezialitatekoak edo doktoretzakoak) eta irakasleentzat ere.

Ikastaroaren zuzendaritza

Honako hauek dira ikastaroaren zuzendariak: Iván Martínez Baz NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakaslea eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko eta IdiSNAko Miguel Servet ikertzailea; eta Esther Vicente Cemboráin NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakaslea eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuko Gaixotasun Arraroen Nafarroako Biztanleen Erregistroko teknikaria.