Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere posizio globala hobetu du Espainiako unibertsitateen CYD rankingean, 19. postutik 13. postura igaro baita. Conocimiento y Desarrollo Fundazioak (CYD) egin du sailkapena, eta 36 adierazle biltzen ditu bost bloke handitan: irakaskuntza eta ikaskuntza, ikerketa, ezagutzaren transferentzia, nazioarteko orientazioa eta eskualdeko garapenari egindako ekarpena. NUP, zehazki, 2023an errendimendu altuko 11 adierazle izatetik edizio honetan 15 adierazle izatera igaro da.

Irakaskuntzan eta ikaskuntzan, errendimendu altuko adierazle horiek NUPen graduko graduazio-tasan, masterreko graduazio-tasan eta graduko zein masterreko graduazio normatiboaren tasan daude, bai eta masterreko errendimendu-tasan ere. Ikerketan, NUPek balio altuak ditu argitalpenen eragin normalizatuan eta asko aipatutako argitalpenetan (bi adierazleetan hobetu du aurreko urtearekin alderatuz), sarbide irekiko argitalpenetan, doktoretza-ondokoetan eta aitortutako ikerketa-tarteetan.

zoom Ikasle batzuk NUPen.

Ikasle batzuk NUPen.

Bestalde, ezagutzaren transferentzian, NUP spin-offs enpresetan nabarmentzen da. Adierazle hori ertaina izatetik altua izatera igaro da rankingaren aurreko edizioarekin alderatuta. Nazioarteko orientazioari dagokionez, balio altuak ditu atzerriko hizkuntzako graduko titulazioetan, atzerriko praktiketan (hobetu egin du arlo horretan rankingaren aurreko edizioarekin alderatuta) eta nazioarteko argitalpenetan. Orobat errendimendu ertaina du nazioarteko doktoretza-tesien atalean. Eskualdeko garapenari egindako ekarpenean, NUP eskualdeko enpresetan praktikak egiteko eskaintzagatik nabarmentzen da. 

CYD rankinga

CYD Fundazioak (Jakintza eta Garapena) urtero egiten du CYD rankinga. Tresna horrek zenbait adierazle kalkulatzen ditu erakunde eta jakintza-arlo bakoitzeko, eta, horri esker, unibertsitateen egoera alderatzen ahal da. 

Sailkapenak 81 unibertsitate, 30 jakintza arlo eta 3.407 titulaziotako emaitzak jasotzen ditu. Unibertsitate parte-hartzaileak RUCT Unibertsitateen, Ikastegien eta Tituluen Erregistroan jasotako graduak irakasten dituzten 89 unibertsitate aktiboen % 91 dira. Horietatik 48 publikoak dira (unibertsitate publikoen % 100) eta 33 pribatuak (unibertsitate pribatuen % 80,5).