Aurtengo ikasturtean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Psikologia Graduko hirugarren ikasmailako ikasleek errealitate birtualak eskaintzen dituen aukerak ezagutu dituzte NUPeko errealitate birtualeko laborategian egindako prestakuntza praktiko baten bidez. Esperanza Bausela Herreras irakaslea da jardueraren arduraduna, eta jarduera hori egin da “Errealitate birtuala Psikologia Graduko psikologia- eta eskolatze-testuinguruan: proposamen pilotua” Irakaskuntza Berritzeko Proiektuaren barruan. Proiektua 2023-2024 deialdian onartu zen.
“Errealitate birtualarekin egindako praktika diseinatu da gure ikasleei murgiltze bidezko ikaskuntza-esperientzia paregabe bat emateko”, esan du irakasleak. “Puntako teknologia honen bidez, ikasleek aukera dute eskolen erosotasun-eremutik ateratzeko, tresna berriak aztertzeko Hezkuntzarako Psikologiaren eremuko jardun profesionalean aplikatzearren – bai diagnostikoan bai esku-hartzean – eta mundu birtualaren aukera eta mugak ezagutzeko eta aztertzeko”, azaldu du.
Proiektu horren esparruan zenbait jarduera garatu dira. Zehazki, eta ikasleen beharrak aztertu ondoren, errealitate birtuala aplikatu da bizitza-zikloaren eta hezkuntzaren psikologiaren adarreko bi irakasgaitan: Eskolatzearen psikologia (nahitaezko irakasgaia) eta Arreta Psikologikoa Aniztasunari (aukerako irakasgaia), non “Isla Nemo. Una aventura accesible” aplikazioa erabili baita, Burgosko Unibertsitateko Ingeniaritza Elektromekanikoko irakasle Pedro Sánchez Ortegaren laguntzari esker, aipatutako aplikazioaren egilea bera.
Aplikazioa zailtasun kognitibo edo psikomotorrak dituztenentzat
“Isla Nemo, Una aventura accesible” aplikazioa “VRiRV. Denontzako errealitate birtual baten alde” proiektuaren barruan dago. Burgosko Unibertsitateak garatu du proiektua. “Ekimen hau aurrerapauso garrantzitsua da Psikologiako Graduko gure ikasleentzat hezkuntza-esperientzia berritzaileak, sortzaileak eta aberasgarriak eskaintzeko abiarazi dugun bidean, eta datorren urtean ere irakaskuntzako aplikazio eta esperientzia berriak bilatzen jarraituko du”, adierazi du Esperanza Bausela irakasleak.
Isla Nemo doako eta sarbide libreko programa bat da, bereziki egokia zailtasun kognitiboak edo psikomotorrak dituztenentzat. Aplikazio bat da (jokoa), eta ez dago ez aginterik ez eskurik erabili beharrik, desgaitasuna duten pertsona batzuek ezin baitituzte erabili edo ezin baitituzte ohiko jokoetan behar den trebetasunez erabili. “Kontzeptu-proba” bat da, eta haren helburua da frogatzea joko-mekanika errazak ezartzen ahal direla.
Finean, irakaskuntza berrikuntzako proiektu horren bidez ikasleak sentsibilizatu nahi dira tresna horiek ebaluazio-prozesuan eta esku-hartze psikopedagogikoan duten garrantzia erakutsiz.