Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko 35 ikaslek parte hartu dute minisumoa egiten duten robotak diseinatzeko lehiaketa batean, erakunde akademikoko Teknologia Elektronikoko Katedrak eta IEEE Sensors Council elkartearen Espainiako adarrak bultzatutako lehiaketako elektronikari buruzko jardunaldi baten esparruan. Ikasleek taldeka diseinatu behar zituzten roboten txartel elektronikoak, eta, proiektu horiei esker, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko eta Industria Teknologietako Ingeniaritzako graduetako bi irakasgaietako amaierako praktikak gainditu dituzte.
Robotak diseinatzeko lehiaketan parte hartu duten ikasleak, lehiaketako elektronikari buruzko jardunaldiaren antolatzaile eta hizlariekin batera.
Minisumo-lehiaketak bederatzigarren edizioa du aurtengoa, eta Luken Esáin Vidondo, Aimar Murillo Alonso eta Iker Soraluce Tellechea Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Graduko ikasleek eskuratu zuten garaipena. Javier Jesús Casajús Simón eta Ibai Larragueta Acín sailkatu ziren bigarren postuan (biak lehen postua lortu zutenen titulazio berekoak). Azkenik, lerro-jarraitzaileen lehiaketan, garaileak izan ziren Aitor Aldunate Villarón, Unai Arriazu Calzado, Amaiur Fernández de Arroyabe Ortiz eta Íñigo Gómez Crespo Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Graduko ikasleak.
Minisumo lehiaketako irabazleak. Ezkerretik eskuinera: Iker Soraluce, Luken Esáin eta Aimar Murillo, Mikel Aceldeguirekin batera (hizlaria).
Ekimena bultzatu duten irakasleak
Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko hiru irakasle hauek bultzatu dute ekimena: Carlos Ruiz Zamarreño (aipatu sailaren zuzendaria eta unibertsitateko katedraduna), Diego López Torres (kontratupeko irakasle doktorea) eta Carlos Juan de Dios Ursúa (irakasle elkartua), Txartel Elektronikoen Diseinua irakasgaiaren eta Ekipo Elektronikoen Fabrikazioa eta Saiakuntza irakasgaiaren arduradunak. Lehenengo irakasgaia Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Graduko hirugarren ikasmailan ematen da, eta bigarrena, berriz, Industria Teknologien Ingeniaritzako Graduko laugarren ikasmailan.
Mini-sumo lehiaketako txapeldunordeak. Ezkerretik eskuinera: Ibai Larragueta eta Javier Jesús Casajús, Josu Suescunekin batera (hizlaria).
Sari-banaketan, lehiaketako elektronikari buruzko jardunaldiko hizlariak izan ziren: Mikel Aceldegui Bernal, Red Bull Fórmula 1 automobil-taldeko diseinu-ingeniaria eta NUPeko egresatua; Paul Alan Riley, Greenpower Iberia egoitza Londresen duen ingeniari mekanikoen entitateko buruordea eta Institution of Mechanical Engineers (IMechE) erakundearen industriarako eta akademiarako bitartekoa; Josu Suescun Cabasés Dicteleko burua (Lizarrako Zientzia eta Teknologia Dibulgaziorako Elkartea), eta Javier Goicoechea Fernández, IITIGMETeko zuzendaria.