Joan eduki nagusira

Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), bere Fundazioaren bidez, “Sustraiak” programaren laugarren edizioa abiarazi dute. Landa-mugikortasuneko programa bat da, eta unibertsitateko ikasleak Nafarroan jendez hustutako lekuetara eramaten ditu lurralde-oreka lortzen laguntzeko. 

Nafarroako Gobernuak eta NUPeko Fundazioak sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, aukeratutako ikasleek gehienez 4 hilabeteko prestakuntza-praktikak egiten ahalko dituzte 250 langile baino gutxiagoko erakunde publiko edo pribatuetan, despopulazioak ukitutako udalerrietan. Tokiko garapena sustatu nahi da, gazteak landa-eremuetan sustraitzea eta gizartean landa-ingurunearen eta haren aukeren kontzientzia sortzea. Horrez gain, programari esker parte-hartzaileek herriak eta landa-eremua ezagutuko dituzte murgiltze-prozesu baten bidez, eta unibertsitateko ikasleek ingurune horretan kokatzeko aukera izanen dute behin praktikak amaitu ondoren, egoki baderitzote. Postuen eskaintza eta programan parte hartzeko baldintzak NUPen webgunean kontsultatzen ahal dira. 

zoom Hitzarmenaren sinadura-ekitaldia. Ezkerretik eskuinera, Iosune Pascual Unibertsitate-Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzailea; Cristina Bayona Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; eta Jesús María Rodríguez Tokiko Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia.

Hitzarmenaren sinadura-ekitaldia. Ezkerretik eskuinera, Iosune Pascual Unibertsitate-Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzailea; Cristina Bayona Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; eta Jesús María Rodríguez Tokiko Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia.

Lankidetza hori sinatzeko ekitaldian parte hartu dute Jesús María Rodríguez Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eta Cristina Bayona Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak, bai eta Iosune Pascual NUPeko Fundazioko zuzendari kudeatzaileak ere. Hitzarmen horren arabera, Nafarroako Gobernuak 100.000 euroko ekarpena eginen du prestakuntza-egonaldiak finantzatzeko. Bestalde, NUPeko Fundazioa arduratuko da erakunde, proiektu eta ikasleak aukeratzeaz, bai eta programaren kudeaketaz, kontrolaz eta jarraipenaz ere.

Ikasleak hartu dituzten udalerriak

Jada egin diren hiru deialdietan, honako udalerri hauek hartu dituzte praktiketako ikasleak: Esa, Hiriberri Artzibar, Mendaza, Aritzala, Irunberri, Allo, Deikaztelu, Iruzozki, Barbarin, Berbintzana, Zare, Bargota, Oskotz, Muetz, Lizaso, Otsagabia, Iraizotz, Zangoza, Aberin, Urrotz Hiria, Artieda, Abartzuza, Irurtzun, Cárcar, Santakara, Torralba del Río, Jaurrieta, Ezkaroze eta Arteta.