Mikel Galar Idoate Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailea izan da Adimen Artifizialerako Espainiako Elkartearen (AEPIA) sorreraren 40. urteurrena ospatzeko antolatutako hitzaldi-ziklora gonbidatu dituzten hiru hizlarietako bat. Estatistika, Matematika eta Informatika Saileko irakaslea ere bada, eta adimen artifizialaren alborapenei buruz hitz egin du bere hitzaldian. Azaldu duenez, nahi gabeko ereduak dira, agertzen direnak adimen artifizialeko ereduak trebatzeko erabiltzen diren datuetan edo adimen artifizialak datu horiek abiapuntutzat hartuta eskuratzen duen ezagutzan oinarrituz hartzen dituen erabakietan edo emaitzetan. Aurretiko joera edo partzialtasun horiek emaitza bidegabeak edo diskriminatzaileak ekartzen ahal dituzte.
“Nahi gabeko eredu horiek pertsonen ezaugarri babestuetan oinarritzen dira, hala nola generoa, arraza edo adina, berezkoak eta aldaezinak baitira —azaldu du Mikel Galarrek—. Alborapenak ikaskuntza automatikoko prozesuaren puntu desberdinetatik etortzen ahal dira; ohikoenak datu multzoetako alborapenak dira. Datuen multzoan erabilitako populazioa hautatzeko prozesuan edo hartzen diren neurrietan izaten ahal dute sorburua”.


Mikel Galar ikertzailea, hizlari gonbidatua Adimen Artifizialerako Espainiako Elkartearen (AEPIA) 40. urteurrenean.
Emakume gehiago gizonak baino
Adituaren arabera, hautatzeko alborapenak bi motatakoak izaten ahal dira: ordezkaritzari buruzkoak eta estereotipoei buruzkoak. Lehenengoak honako hauei buruzkoak dira: “alde handia dago talde demografikoen ordezkaritzan, hala nola gizon gehiago emakumeak baino edo pertsona zuri gehiago”. Bigarrenak, “gutxiago aztertutakoak izanagatik ere kaltegarriagoak izaten ahal direnak”, “zenbait estereotipo agertzeko moduari” buruzkoak dira. “Aurpegiaren espresioak ezagutzeko lanean ari garenean, ohikoa da ikustea emakumeak zoriontsuago agertzen direla datuen multzoetan eta gizonak haserretuago. Horren ondorioz, gertatzen ahal da ereduek modu desegokian lotzea zoriontasuna emakumeekin eta haserrea gizonekin”, esan du.
Beraz, datuen multzoetako alborapen horiek adimen artifizialeko ereduetara transferitzen dira, eta horiekin trebatzen dira eta “haietan dauden ereduak ikasten dituzte, nahi gabekoak edo alborapenak barne”. “Trebatzeko datuek alborapenak badituzte, ereduek alborapen horiek atzematen eta erreproduzitzen ahal dituzte ikaskuntza-prozesuan —esan du Mikel Galarrek—. Esaterako, aurpegiaren espresioak ezagutzeko datu-multzo batek emakume zoriontsuen eta gizon haserretuen irudi gehiago baditu, ereduak ikasten ahal du ezaugarri demografiko horiek zenbait emoziorekin lotzen. Hala, irudi berri bat aurkezten zaionean, ereduak joera izaten ahal du emkumeentzako zoriontasuna eta gizonentzako haserrea aurreikusteko, eta horrela trebatzeko datuetan dauden alborapenak betikotzeko”. Adimen artifizialeko alborapenei aurre egiten ahal zaie, esaterako, askotariko datu adierazgarriak bilduz, bidezko algoritmoak diseinatuz, auditoriak eta etengabeko ebaluazioak eginez, garapeneko askotariko datuak antolatuz edo erregulazio batzuk sartuz.
Hitzaldian, Mikel Galarrek adimen artifizialaren alborapen demografikoak aztertu ditu Emotional Films proiektuko ikertzaile nagusi izandako esperientzian oinarrituz. Ekimenak teknologia bat garatu du adimen artifiziala erabiltzen duena ikusle batek ikusten duen ikus-entzunezko edukia bere erantzun emozionalen arabera egokitzeko. Hori dela-eta aurpegiaren espresioa ezagutzeko datuen multzoak prozesatu behar dira.
Berrogei urte adimen artifiziala garatzen
Adimen Artifizialerako Espainiako Elkartea (AEPIA), hitzaldiaren antolatzailea, Espainian eta Iberoamerikan adimen artifiziala indartzen eta sustatzen duen entitate bat da. 1984an sortua, ia 550 bazkide ditu, tartean erakunde eta pertsonak. Ikerketaren esparruan, “Progress in Artificial Intelligence” aldizkariaren editorea da, Springer argitaletxearekin batera.
Mikel Galarrez gain, Adimen Artifizialerako Espainiako Elkarteak (AEPIA) hitzaldi zikloko hizlari gisa gonbidatu ditu Concha Bielza Lozoya Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko katedraduna eta Francisco Herrera Triguero Granadako Unibertsitateko katedraduna.