Gaur goizean, uraren hiri-zikloko digitalizazioari buruzko jardunaldi bat egin da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). NUPek eta NILSA sozietate publikoak antolatu dute ekitaldia, Tokiko Jasangarritasunari buruzko Katedraren bidez. Topaketa horrek sektoreko aditu, akademiko eta profesionalak bildu ditu digitalizazioak ura kudeatzeko dakartzan erronka eta aukerak aztertzeko. Ekitaldian izan da Óscar Chivite Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilaria.
Jardunaldian, Nafarroako digitalizazioko zenbait esperientzia eta proiektu aurkeztu dira, bai eta beste autonomia-erkidego batzuetako esperientziak ere, hala nola Madril. Horiek guztiek sakontzen dute Nafarroako Ur Digitala (ADNa) errekuperazio eta transformazio ekonomikorako proiektu estrategikoak (PERTE) ezarri zituen ildo nagusietan. Gobernu zentralak urrian onetsi zuen proiektua, eta 7,99 milioi euro esleitu zitzaizkion Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak antolatutako deialdi batean.
NILSA da proiektuaren buru Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Jurramendiko Mankomunitatearekin lankidetzan, eta proiektuaren xedea da uraren ziklo integrala egituratzen duten azpiegituretan erabiltzen diren kontrol-, jarraipen- eta operazio-sistemak hobetzea. Zikloaren barruan dago ura hartzen denetik araztu ondoren ibaira itzultzen den arteko prozesua.
Adituen hitzaldiak eta bisita teknikoa
Programaren barruan daude orobat NUPeko adituen hitzaldiak, eta hitzaldi horiek aztergai dituzte digitalizazioko berrikuntzaren gakoak eta uraren kudeaketa efizientea, bai eta LIFE Nadapta proiektuaren esperientzia ere. LIFE Nadapta proiektuak aztergai du uraren kudeaketa efizientearen bidezko egokitzea klima-aldaketara, eta 2017an eman zitzaion Nafarroari, eta, horrenbestez, klima-aldaketara egokitzeko lehen europar proiektua da, Europako eskualde bati ematen zaiona. 15,6 milioi euroko aurrekontuarekin, Europar Batasunak aintzat hartu zuen politikak eta eragileak Nafarroako Gobernuaren estrategia klimatikoan integratzeko konpromisoa eta gaitasuna, eta orain sendotu egin da uraren lerroan PERTEarekin.
Horrez gain, gaurko jardunaldian Horniduraren eta Saneamenduaren Espainiako Elkarteko (AEAS) eta Canal de Isabel Segunda enpresaren ordezkariek hartu dute parte, eta beren esperientzien eta Espainian sektorea digitalizatzeko bidean egin diren urratsen berri eman dute. AEAS erreferentziazko elkartea da Espainiako hiri-uraren sektorean; izan ere, sektore publikoko zein pribatuko 300 enpresa ditu, eta, guztira, 35 milioi laguni baino gehiagori ematen diete zerbitzua 1.700 udalerritan.
Ekitaldia amaitzeko, bisita teknikoa egin da Tuterako Hondar Uren Araztegira, non teknologia digitalak uraren kudeaketan ezartzearen adibide praktikoak erakutsi baitira. Bihar, maiatzak 31, Europar Batasuneko aste berdea (EU Green Week) dela-eta, Nafarroak Bruselan duen ordezkaritzak bultzatuta, Nafarroan antolatutako ekitaldietan gaur aztertu diren gaiak laburbilduko ditu Jairo Gómez NILSAko I+G+b-ko arduradunak.