Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Foru Gobernuak antolatutako jardunaldi batean, larrialdietako espezialista batzuek nabarmendu dute osasun-laguntza eta teknologia, logistika eta esku-hartze psikosoziala bateratu beharra dagoela klima-aldaketak eta mehatxu naturalek eragindako larrialdiei aurre egiteko. Topaketa duela gutxi egin zen Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultatean, eta Foru Komunitateko, Afrikako eta Hispanoamerikako krisi-egoerak aztertu ziren diziplina anitzeko ikuspegi batetik.
Saioan hizlari gisa parte hartu zutenek aztergai izan zituzten klima-aldaketak larriagotutako mehatxu naturalen eragin gero eta handiagoa eta komunitateen ahultasuna murrizteko estrategiak. Eztabaidagai izan zituzten orobat larrialdietan herritarrei laguntzeko ikuspegi tekniko, logistiko eta sanitarioak, bai eta ondorengo esku-hartze psikosozialaren garrantzia ere.
Osasun-larrialdiei buruzko jardunaldiko hizlari eta antolatzaileak. Ezkerretik eskuinera: Fernando Veiga, Ricardo Bonacho, María Pilar Cornejo, Tomás Ballesteros, Alberto Lafuente, Ana Insausti, María Anunciación Jiménez eta Pedro Villanueva.
Nafarroaren kasuan, Tomás Ballesteros Egüés NUPeko Ingeniaritza Saileko irakasleak larrialdi baten aurrean dauden behar logistikoak zehaztu zituen: aterpea, ura eta saneamendua, elikadura, arropa eta berotzeko jantziak, energia eta telefonia, osasun eta farmazia arloko laguntza, laguntza psikosoziala, garraioa eta segurtasuna. Antolakuntza logistikoa ere azaldu zuen, pertsonak garraiatzeko ibilgailuak eta ekipoak, biltegiak, karpak eta kontsumigarriak barne, eta horiek erabiltzeko giza baliabideekin eta beharrezkoak diren garbiketa-planekin batera. Larrialdietarako sistema PDCA zikloaren bidez ebaluatzen da gero (planifikatu, egin, egiaztatu eta jardun ingelesezko sigletan), etengabeko hobekuntzako helburua betetzeko.
Bestalde, Javier Nuin Zúñiga Green Tech Factory enpresa nafarreko CEOak teknologiaren garrantzia nabarmendu zuen, drone eta sateliteek foru komunitatean ahulguneak nola detektatzen ahal dituzten eta larrialdietan nola laguntzen ahal duten azaltzean. Foru Komunitatetik irten gabe, Alberto Lafuente Jiménez Bidean Nafarroako Osasun Arloko Garraioko enpresa enpresa publikoko kudeatzaileak azaldu zituen krisi-egoeretan osasun laguntzarako plan bat abiarazteko beharrezkoak diren baliabideak.
GKEen lana
Jardunaldian bi GKEk hartu zuten parte beren lana azaltzeko: Eduardo Irigoyen Soria Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkarteko (ATTsF) zuzendariak Saharan ura nola banatzen den azaldu zuen; eta Ricardo Bonacho Camp SAR Nafarroa elkarteko arduradunak Boliviako baso-suteen aurkako borroka deskribatu zuen.
Eta Amerikan jarraituz, María Pilar Cornejo Rodríguez Guayaquileko (Ekuador) Itsasertzeko Goi Mailako Eskola Politeknikoko Hondamendien Arriskua Murrizteko Pazifikoko Nazioarteko Zentroko zuzendariak aztergai izan zuen nola prestatzen dituzten aldez aurretiko azterketek osasun-zerbitzuak uholde edo lehorteekin lotutako patologiei aurre egiteko, eta, horrenbestez, prebentziozko neurri egokiak eramaten ahal dituzte praktikara.
Azkenik, ikuspegi sanitario batetik, María Anunciación Jiménez Marcos NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasleak Erdialdeko Amerikan gertatutako lurrikara baten ondoren izan zuen esperientzia baten berri eman zuen, eta nabarmendu zuen kaltetuentzako laguntza psikosozialak duen garrantzia behin larrialdia gertatu ondoren.
Jardunaldiaren izenburua “Klima-aldaketak eta mehatxu naturalek eragindako osasun-larrialdia: diziplina anitzeko ikuspegia” zen, eta NUPeko lau irakaslek antolatu zuten: Ana M.ª Insausti Serrano Osasun Zientzien Saileko irakasle bat; eta Ingeniaritza Saileko hiru irakasle, hots, Tomás Ballesteros Egüés, Fernando Veiga Suárez eta Pedro Villanueva Roldán