Joan eduki nagusira

Unibertsitateen G-9 Taldeko Ikerketako, Berrikuntzako eta Ezagutzaren Transferentziako errektoreordetzetako arduradunak bildu dira lanean diharduten arloetako kudeaketa hobetzeko aukerak aztertzeko. Sektoreko seihilekoko bilera bat da, eta oraingo honetan Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak Madrilen duen egoitzan egin da.

zoom Unibertsitateen G-9 Taldeko Ikerketako, Berrikuntzako eta Ezagutzaren Transferentziako Ikerketa Batzordeak egindako bileraren irudi bat.

Unibertsitateen G-9 Taldeko Ikerketako, Berrikuntzako eta Ezagutzaren Transferentziako Ikerketa Batzordeak egindako bileraren irudi bat.

Lan-saio horiek “jardunbide egokiak trukatzeko eta lankidetza indartzeko balio dute, bai eta gure unibertsitate publikoen ikerketa-baliabideak eta -gaitasunak optimizatzeko estrategiak azaltzeko ere”, adierazi du Julián Garde G-9 Taldeko Ikerketa Batzorde sektorialeko buru eta Gaztela-Mantxako Unibertsitateko errektoreak.

Deialdien ebaluazioa eta zientzia irekiaren sustapena

Bilerako aztergaietako bat izan da agentzia ebaluatzaileek ebaluatu behar den unibertsitateetako ikerketa-plan propioen deialdi kopuru handiari erantzuteko duten gaitasuna. Zenbait soluzio aztertu dira, hala nola erakundeen arteko lankidetzako barne-ebaluazioa, batez ere hizkuntza koofizialak partekatzen dituzten autonomia-erkidegoetan, estatu-agentziaren gaineko karga arintzeko eta, horrela, ebaluazio inpartzial eta eraginkorrekin jarraituko dutela ziurtatzeko.

Bestalde, G-9 Taldeko zenbait unibertsitatek zientzia irekirako bidean egin dituzten urratsak azaldu dituzte. Azpimarratu dute garrantzitsua dela unibertsitate-ereduak ikerketa irekiko praktika globaletara egokitzea, hala ikusgarritasuna eta eragin akademikoa areagotzeko.

CoARA eta hobekuntza ikerketaren ebaluazioan

Ikerketaren Ebaluazioan Aurrera egiteko Koalizioarekiko konpromisoa (CoARA, ingelesezko siglak) aldatu egiten da Taldeko unibertsitateen arabera, baina adostasun orokor bat egon da barne-ebaluazioko prozesuetan CoARA printzipioak pixkanaka txertatu beharrari buruz. Unibertsitatea ekoizpen zientifikoan kalitatea kantitatearen gainetik lehenesten duten adierazleen bila dabil, eta horrela ebaluazio kualitatibo eta esanguratsuagoetarako aldaketa erakusten da, horrek dakartzan ezarpen-zailtasunekin.

Berrikuntzak azpiegitura eta ekipamenduen kudeaketan

Bileran zerbitzu eta ekipamendu zientifiko-teknikoen barne-tarifak ere aztertu dira. Eztabaidatu da pizgarri eta deskontuek nola bateratzen ahal dituzten hobe ikertzaileen interesak unibertsitateen interesekin, baliabide erabilgarriak modu efizienteagoan eta estrategikoagoan erabiltzea sustatuz.

Batzordeburuak nabarmendu du topaketa emankorra izan dela, eta esan du “gaur hartutako eztabaida eta erabakiek bikaintasunarekin eta ikerketako lankidetzarekin dugun konpromiso komuna indartzen dutela”. Era berean, “urrirako Iruñean programatutako hurrengo bilerak ahalegin horiekin jarraituko du, eta etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egiteko irtenbide eta estrategiak bilatuko ditu”, amaitu du Gardek.

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren Espainiako unibertsitate publikoek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitateak, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitateak, Balear Uharteetako Unibertsitateak, Errioxako Unibertsitateak, Oviedoko Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Zaragozako Unibertsitateak. Gainera, 2023tik, Murtziako Unibertsitatea G-9 Taldekoa da unibertsitate laguntzaile gisa.