Auburneko Unibertsitateko (Alabama) ingeniaritzako hogeita bat ikaslek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko lau ikaslek (NUP) International CITI Program-en hirugarren edizioan parte hartuko dute aste honetan Iruñean. Ikasleek proiektuak eginen dituzte Viscofan, Tracasa, CENER, Nair Center eta Tesicnor enpresa nafarrentzat.
Programak uztailaren 3ra arte iraunen du, eta Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoak antolatu du 4.0 Industriaren Katedraren bidez, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako CITIk osatzen baitute. Estatubatuarrekin batera, 4.0 Industriaren Katedraren beka jaso duten NUPeko lau ikaslek hartuko dute parte programan (Noel Blanco, Alejandro Basabe, Juan Mina eta Jaime Bueno), eta hizkuntzan erabat murgiltzeko aukera emanen dien nazioarteko esperientzia bat izanen dute sei astez. Gainera, ikasle horietako batzuek aukera izanen dute datorren urtean seihileko batez Alabamara joan eta Auburneko Unibertsitatean ikerketa-proiektu bat egiteko.
Lan-dinamika
Proiektua atzo hasi zen, astelehena, maiatzak 27, eta 5 lantalde osatu ziren. Talde horietako lauk NUPeko ikasle bana zuten. Talde bakoitzak proiektu bat eginen du batera, eta osorik ingelesez, aurrez aipatutako Nafarroako enpresa edo erakundeetako batentzat. Horiek erronkak planteatuz lagunduko dute programan. Prestakuntza horrek benetako bizitzako lan esperientzia bat eskaintzen die ikasleei, non nazioarteko ingurune multikultural batean eta taldeko lanaren bidez ingeniaritzako problema baten konponbidea aurkituko duten. Auburneko Unibertsitateko irakasleek gidatzen dute ikastaroa, eta ikasleek taldetan eginen dute lan, unibertsitate horretako irakasleen eta Espainiako enpresetako langileen aholkularitzapean.
Ikasleek irakasleei eta enpresari aurkeztuko diete beren proiektua. Ikasleek problemak konpontzeko tekniken teoria eta praktika azaltzeko aukera emanen dieten proiektuetan hartuko dute parte. Teknika horien artean, honako hauek daude: datuen bilketa eta analisia, modelatze konputazionala eta zerbitzuen eta manufakturen industriekin loturiko problemen diseinua.
Noel Blanco, Alejandro Basabe, Juan Mina eta Jaime Bueno programan parte hartzen duten NUPeko ikasleak.
Ikastaroaz gain, ikasleek Iruñean eginen duten sei asteko egonaldian aukera izanen dute kulturako eta aisialdiko jarduerez gozatzeko eta Nafarroa eta Espainiako beste hiri batzuk ezagutzeko, hala nola Bilbo eta Bartzelona.
Programa hori Nafarroako CITIk duela 13 urtetik Estatu Batuetako zenbait unibertsitaterekin lankidetzan antolatzen dituen nazioarteko prestakuntza-ikastaroen barruan dago.