Joan eduki nagusira

Natalia Zaratieguik ilustratutako liburu bat eta haren ilustrazioak biltzen dituen erakusketa bat (Ana Garcíak komisariatua) dira “Ikuspegia. Energiari buruzko ikuspegia perspektiban” proiektuaren ardatz nagusia. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedrak sustatutako ekimena da, eta energiaren kontzeptuan argi egin nahi du. “Ikuspegia proiektuaren bidez, garrantzi soziala duen arazo bati heldu eta ikuspegi artistiko batetik aztertu nahi dugu”, esan du Joaquín Sevillak, Katedraren zuzendariak: “Energia oso presente dago gure bizitzan, nahiz eta ez dakigun oso ondo zer den. Neguan berotzeko, aire girotuei eragiteko edo gure garraiobideak mugitzeko aukera ematen digu. Bizitza errazagoa egiten digu, baina beldurtu ere egiten gaitu fakturak ordaindu behar ditugunean, edo haien prezioen aldakortasuna kezkabide denean guretzat”.

zoom Natalia Zaratiegui artistak erakusketaren edukia azaldu du.

Natalia Zaratiegui artistak erakusketaren edukia azaldu du.

Javier Cortajarena Laboral Kutxako lurralde-zuzendariaren iritzian, proiektua “Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskutik” garatzen direnen artean “garrantzitsuenetakoa” da. “Gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta jasangarriagoak eraikitzeko erantzukizuna sentitzen dugu. Hori dela eta, energia-kontsumoa nabarmentzea akuilu garrantzitsua da”, erantsi zuen. Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektorea ere ekitaldi berean zegoen, eta aurrez esan zuen “uste osoa dugu Katedra horretan, Unibertsitatearen eginkizun garrantzitsuenetako bat baita ezagutza zabaltzea.  Uste osoa dugu zabalkundean, gure helburu nagusietako bat Nafarroako gizarteari zerbitzu ematea baita. Gizarteari gaurkotasuneko gai garrantzitsuen berri ematea modu ulergarrian”.

Liburua, erakusketa eta hitzaldia

 ‘Ikuspegia, energía en perspectiva’ liburu batek eta erakusketa batek osatzen dute. Erakusketa Kondestablearen Jauregiaren areto gotikoan dago, Iruñeko Kale Nagusiko 2 zenbakian, ekainaren 17ra arte. Bi proposamenek antzeko egitura dute, argi eta garbi bereizitako hiru zatitan antolatuta.

zoom Joaquín Sevilla, proiektuaren aurkezpenean egin zuen hitzaldian.

Joaquín Sevilla, proiektuaren aurkezpenean egin zuen hitzaldian.

Lehen zatia ingurune naturalean zehar egindako bidaia bat da, fisikaren ikuspegitik honako galdera honi erantzuteko: ‘Zer da energia?’. Bigarren atalak etxe batean egindako ibilbide baten bidez erakusten du nola erabiltzen dugun energia gure ingurune hurbilenean.  Azkenik, hirugarren atalean hitzik gabeko irudien sekuentzia “askoz ere pertsonalagoa” dago. Honako hau da haren izenburua: “Ez dago ekintzarik inpakturik gabe”.

Natalia Zaratieguik, liburuaren egileak, bere lanaren xedea azaldu zuen: “Begirada horren bidez gure ohituren kontzientzia hartzen laguntzea nahi genuke”. Orobat defendatu zuen ohitura horietako batzuk birplanteatu beharra “erregai fosilen mende jarraitzen duen gizarte batean, eta berotze globalak bete-betean eragiten digunean”.

Maiatzaren 28an, 19:00etan, honako konferentzia hau eginen da Kondestablearen jauregiko auditorioan (Kale Nagusia 2, Iruñea): “Energiaren munduko mitoak”. Ekitaldian parte hartuko dute Mar Rubio NUPeko katedradunak eta Pedro Fresco Valentziako Komunitateko Energia Berriztagarrien eta Bestelako Teknologia Garbien Enpresen Elkarteko (Avaesen) zuzendari nagusi eta ‘Energy Fakes’, ‘El Nuevo Orden Verde’ eta ‘El futuro de la energía en 100 preguntas’ liburuen egileak. Jarduerarako sarrera librea eta doakoa da lekua bete arte.

NUPeko Laboral Kutxa katedra

Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedrak ezagutzak gizartean zabaltzen lagundu nahi du. NUPek eta Laboral Kutxak sustatutako ekimen horrek bi entitateen arteko lankidetza garatu nahi du ezagutza berriak sortzeko eta interes orokorreko aspektu guztiak zabaltzen laguntzeko. Katedraren helburua da orobat zabalkunde-jarduerak garatzea, entitate bakoitzak gizarteari eta inguruneari egiten dion ekarpena ulertzen lagunduko dutenak.