Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) orkestra, erakunde akademikoko ikaslez osatua, lehen aldiz aritu da jendaurrean ikasturte honetan. Taldeak bi graduazio-ekitalditan parte hartu du, eta zenbait musika-pieza jo ditu. Gian Luca Mangiarotti Nafarroako Orkestra Sinfonikoko kontrabaxu italiarrak zuzentzen du taldea. Camerata Navarra ganbera-orkestrako sortzailea eta zuzendari artistiko eta musikala ere bada Mangiarotti.
NUPeko orkestra Kulturako eta Kiroletako Atalak erakunde akademikoaren kultur programazioaren barruan antolatutako ikastaro baten emaitza da. Kultur programazioak Iruñeko Udalaren babesa du. Prestakuntza hori musika-tresnaren bat jotzen zekiten ikasleei zuzenduta zegoen. “Taldea zabalik dago musika-tresna guztientzat, kideen mugarik gabe —esan du Gian Luca Mangiarottik—. Errepertorioan soinu-bandak eta musika sinfonikoa ere badaude, eta taldean dauden musikarietara egokitzen da”.
Kredituen aitorpena espedientean
Orkestrak astean behin egiten ditu entseguak, bere kideen azterketa-aldiak errespetatuz, eta gutxienez ere saioen % 80an parte hartzen dutenei hiru ECTS kreditu aitortzen zaizkie espediente akademikoan prestakuntza osagarriko unibertsitate-jarduerengatik. Horiek upnapassen jasotzen dira, erakunde akademikoak eskaintzen dituen jardueren artean egindako prestakuntza osagarriko jarduerak biltzen dituen pasaportea. Dokumentua automatikoki ematen da ikasle bakoitzak titulu ofiziala eskatzen duenean, betiere jarduera horiek burutu baditu.
“Proiektuak beste helburu batzuk ere baditu, hala nola musika-taldea egonkortzea; kalitate oneko errepertorio ahalik eta zabalena jotzea; emanaldi publikoak egitea bai unibertsitateko ekitaldietan bai beste testuinguru batzuetan; gonbidatutako musikari profesionalekin lankidetzan jardutea eta beste kultura-erakunde batzuekin birak eta/edo trukeak egitea”, zehaztu du zuzendariak.
Gian Luca Mangiarottik, instrumentista izateaz gainera, zuzendaritza-eskolak jaso ditu Arturo Sacchetti, Jesús Echeverría eta Marco Guidarini (haren laguntzailea izan da) maisuen eskutik, eta “master class” direlakoetan eta ikastaroetan parte hartu du Frantzian eta Italian. 2022an, “Plovdiv Masterclass” ekitaldian Uros Lajovic maisuarekin eta Plovdiveko Orkestra Filarmonikoarekin (Bulgaria) parte hartzeko hautatu zuten, bai eta Fabrizio Dorsi maisuaren eta Puglieseko (Italia) Orkestra Filarmonikoaren orkestra zuzentzeko ikastaroan ere. Bere prestakuntzan sakondu du “AIDO José Collado” Orkestra Zuzendaritzako Nazioarteko Akademian, Cristóbal Soler maisuarekin.