Joan eduki nagusira

Daniel Aláez Gómez eta Ana Laura Giambelucca Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) doktoregaiek erakunde nafarra ordezkatuko dute UNITA unibertsitateen nazioarteko aliantzaren “My 3-min thesis” lehiaketaren bigarren edizioaren finalean. NUP ere bada UNITAko kidea. Lehiaketaren finalean unibertsitate parte-hartzaileetako bina ikaslek parte hartuko dute (Zaragozako Unibertsitateak eta Turineko Unibertsitateak hiruna ordezkari izanen dituzte), eta heldu den uztailaren 4an izanen da Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean. Osotara, 9 unibertsitatetako 87 ikaslek hartu dute parte unibertsitateen tokiko fase guztietan.

Lehiaketa hori ingelesez egiten da, eta parte-hartzaileek hiru minutuan eta diapositiba baten laguntzaz azaldu behar diote beren doktoretza-tesiaren edukia espezializatu gabeko jendeari. NUPeko tokiko fasea Nafarroako Doktoretza Eskolaren (NADOE) egoitzan egin zen, eta Daniel Aláezek droneei buruzko bere lana aurkeztu zuen: “Digital twins development of VTOL UAVs”. Bestalde, Ana Laura Giambeluccak gauza bera egin zuen “Potential of the combined use of radar, optical observations and LiDAR data for the characterization of forest masses” lanarekin, zeina berreskuratzeko baso-eremuen behaketari buruzkoa baita. Ordezko gisa sailkatu ziren Julio César Moreno Alfonso populazio pediatrikoan dauden urdail-hesteetako gaixotasunak diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzaile bati buruzko ikerketa batekin, eta Yuting Hou, zeinak enpresetan jasangarritasuna sustatzeko pizgarriei buruzko tesia azaldu baitzuen.

zoom Lehiaketako parte-hartzaile eta irabazleak. Atzeko lerroan, ezkerretik eskuinera, Adolphe Ndagijimana, Julio César Moreno Alfonso, Andoni Marzo Oyarbide, Itsaso Aranguren Erice eta Miguel Ángel González Moreno. Aurreko lerroan, ezkerretik eskuinera, Daniel Aláez Gómez, Yuting Hou, Ana Laura Glambelluca eta Antonio Gabriel Casariego Moreira.

Lehiaketako parte-hartzaile eta irabazleak. Atzeko lerroan, ezkerretik eskuinera, Adolphe Ndagijimana, Julio César Moreno Alfonso, Andoni Marzo Oyarbide, Itsaso Aranguren Erice eta Miguel Ángel González Moreno. Aurreko lerroan, ezkerretik eskuinera, Daniel Aláez Gómez, Yuting Hou, Ana Laura Glambelluca eta Antonio Gabriel Casariego Moreira.

Parte-hartzaileak eta epaimahaia

Finalean NUP ordezkatuko duten bi lagunez eta bi ordezkoez gain, beste bost lagun ere izan ziren lehiaketaren tokiko fasean: Itsaso Aranguren Erice, Antonio Gabriel Casariego Moreira, Miguel Ángel González Moreno, Andoni Marzo Oyarbide eta Adolphe Ndagijimana. 

Honako hauek osatu zuten epaimahaia: Joaquín Sevilla Moróder Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedrako zuzendaria; Antonio López Martín NUPeko ikerketa arloko zuzendaria (bi epaimahaikideak ISC institutuko kideak dira); eta Victoria Alfonso Seminario Unibertsitateko komunikazio ataleko teknikaria.

UNITA unibertsitate europarren Partzuergoa

UNITA partzuergoa “Europako Unibertsitateak” programaren barruan dago, eta egun honako unibertsitate hauek osatzen dute: Zaragozako Unibertsitatea (NUPekin batera Campus Iberus partzuergoko kidea da), Turineko Unibertsitatea  (Italia), Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanc Unibertsitatea (biak Frantzian), Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea (Errumania) eta Barnealdeko Beirako Unibertsitatea (Portugal). Bi unibertsitate elkarturen laguntza ere badu: Haute Ecole Spécialisée de Suisse occidentale – HES- SO (Suitza) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi National University (Ukraina). Aliantzak dozenaka erakunde elkarturen babesa ere badu.