Gaur, asteartea, maiatzak 21, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gobernu Kontseiluak erabaki bat onetsi du aho batez. Erabakiaren arabera, unibertsitateak konpromisoa hartzen du Palestinako auzian giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzen ez dituztenekin merkataritza- eta irakaskuntza-harremanak saihesteko eta berraztertzeko, eta, bereziki, harremanik ez izateko Palestinan gertatzen ari diren gizateriaren aurkako krimenak esplizituki gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin. Horrez gain, NUPek konpromisoa hartzen du, bere eskumenen esparruan, ikasle eta irakasle errefuxiatuentzako laguntza-programa sendotzeko, eta, horrenbestez, Palestinako errefuxiatuen beharrak asetzeko, bai eta Palestinako unibertsitateekin lankidetza-hitzarmen gehiago sinatzea aztertzeko ere. Adierazpen osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
NUPek konpromisoa hartzen du orobat Palestinar Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziarekin (UNRWA) lankidetza-programa espezifiko bat sustatzeko eta giza eskubideen alde lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeekin eta beste erakunde formal eta informal batzuekin lankidetzan jarduteko, bai eta eskualdean bakea eta ongizatea berrezartzen laguntzeko gogoeta- eta eztabaida-guneak eskaintzeko ere. CRUE-Unibertsitateak erakundearen esparruan ekimen bateratuak ere bultzatu nahi dira Gazan berehalako su-etena eskatzeko, eta orobat programak garatu nahi dira Palestinan irakaskuntza unibertsitarioko ikastegi eta programak berreskuratzen laguntzeko.
Bakearen aldeko apustua eta indarkeriaren eta terrorismoaren gaitzespena
Testuan, Unibertsitateak adierazi eta berretsi du “bere konpromiso irmoa bakearekin, bizikidetzarekin, justiziarekin, giza eskubideekin eta terrorismo eta indarkeria mota guztien gaitzespenarekin”, erakundearen izaeraren eta balioen aurkakoak baitira. Halaber, gogoratu du azken urteetan munduko zenbait lekutan izan diren gertaera tragikoak gaitzestearren CRUEk egindako jakinarazpen guztiak sinatu dituela NUPek; gertaera horien artean daude Errusiak Ukraina inbaditu izana, Hamasek urriaren 7an egindako erasoa eta Israelgo armadak Gaza inbaditu izana eta hango biztanleen aurka egindako erasoa.
Gogoratu du orobat komunitate palestinarrak Gazako unibertsitate guztien suntsiketa pairatu duela, eta “zenbait belaunaldik hezkuntzarako duten oinarrizko eskubidea urratzen du horrek“. “Ezinbestekoa da berehalako eta baldintzarik gabeko su-etena zibilen sarraskiak, blokeo-egoera eta ur-, elikagai-, erregai- eta elektrizitate-horniduraren mozketa amaitzeko”, adierazten du komunikatuak. Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren arauak errespetatzea eta betetzea ere eskatzen du komunikatuak, bai eta Gazan laguntza humanitarioa sartzen uztea ere, zibilen larrialdi-egoerari aurre egiteko.