Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa areagotzeko programetako irakasleen lehenengo lau lanpostuetarako deialdia egin du, Osasunbideko profesionalek laguntza-lana eta osasun-titulazioetako irakaslana bateragarri egin ditzaten. Zehazki, deialdiak abian jartzen du NUPek eta Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak duela urtebete sinatutako lankidetza-itunean jasotzen den irakaskuntza areagotzeko programa. Besteak beste osasun arloko profesionalak unibertsitateko irakaslanean hastea arautzen du. Itunaren azken helburua da Nafarroako osasun-erakunde publikoen eta NUPen arteko lankidetza areagotzea eraginkortasunez laguntzeko osasun-sistema publikoko etorkizuneko profesionalen etengabeko prestakuntzan eta bio-osasun publikoaren arloko ezagutzako eta ikerketako ekosistema baten sorreran.

zoom NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko fatxada.

NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko fatxada.

Orain deitzen diren lau lanpostuak Osasunbideko osasun arloko langile funtzionarioek bakarrik beteko dituzte, eta 2024-25 ikasturtean hasi eta hiru ikasturterako dira, eta beste hiru ikasturtez luzatzen ahalko dira. Zehazki, Neumologia, Kardiologia, Digestio Aparatua eta Familiako eta Komunitateko Medikuntza espezialitateetako lanpostuak dira. Deialdiaren oinarriak NUPen webgunean daude kontsultatzeko.

Irakaskuntza areagotzeko programaz gain, NUPek eta Osasun Sailak sinatutako itunak bereziki eragiten dio Osasunari buruzko Lege Orokorrean zehaztutako irakasle-lanpostuak ezartzeko prozesuari.

Bi kontratu mota daude: batetik, osasun laguntzako irakasle elkartua, Unibertsitatean irakaslanean aritzen den laguntza-profesional bati dagokiona; eta bestetik, lotura duen irakaslea, Unibertsitateko irakasle-lanpostu batzuetarako (titularra edo katedraduna) akreditazioa eduki behar duen unibertsitateko langilea, bere lan profesionala modu partekatuan garatzen duena NUPen eta Osasun Departamentuan.

Modalitate hauek ere ezartzen ditu orobat itunak: unibertsitateko irakaskuntza praktikoan parte hartzen duten langileentzako laguntza-praktiken tutorea edo laguntza-praktiken koordinatzailea.