Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Espainiako Floraren Biomaratoian parte hartu du egunotan. Espainiako Botanika Elkarteak bultzatutako dibulgazio-ekitaldia da. Arrosadiko campusean egindako behaketa botanikoko jarduera batekin parte hartu du, eta Javier Peralta de Andrés eta Esther González García Zientzia Saileko irakasleek zuzendu dute. 

Jarduera horretan, Berriozarko DBHIko ikasle eta irakasleak campuseko lorategietan ibili dira pasieran, eta behaketak egiten ikasi dute iNaturalist aplikazioaren bidez. Hala, hurbiletik ezagutu dute herritarrentzako zientzia-jarduera horiek zeinen garrantzitsuak diren biodibertsitatea ezagutzeko. Zenbait kontinentetako espezieak behatu dituzte, haien hosto, lore eta fruituei erreparatuz, bai eta haien adarretan hazten diren likenei ere. 

zoom Javier Peralta, behaketa botanikoko jardueran emandako azalpenetako batean.

Javier Peralta, behaketa botanikoko jardueran emandako azalpenetako batean.

Bisitaldian, campusean lorezaintza-lanak egiten dituzten langileekin topo egin dute ikasle eta irakasleek, eta lorezainek azaldu dizkiete zuhaitz batzuen ezaugarriak eta nola prestatu ziren campuseko lurrak zuhaitz horien garapena errazteko. Azkenik, unibertsitateko herbarioa bisitatu dute, eta herbarioak dituen landare-pleguak eta haiek katalogatzeko prozesua ikusi dute; egiaztatu dute orobat nola elkartzen dituzten beren datuak iNaturalisteko behaketek eta herritarrentzako zientziako beste plataforma batzuek erakunde akademikoetako datuekin GBIFen webgunean (Global Information Facility).

Aurten, biomaratoia maiatzaren 16tik 19ra eginen da, eta aste horretan Landareekiko Liluraren Nazioarteko Eguna ere ospatzen da. Nafarroan, Biomaratoiarekin lotutako jarduerak egiten dituzte orobat Nafarroako Unibertsitateak eta Iruñerriko Mankomunitateak. 

Landareekiko itsutasuna: Floraren Biomaratoiaren jatorria

Egun gizarteak ez du loturarik botanikarekin eta landareekin, eta horri landareekiko itsutasuna esaten zaio. Hori dela eta, botanikaren arloko profesional batzuek Espainiako Floraren Biomaratoia sortu zuten. Ekitaldi hori duela lau urte hasi ziren egiten Espainia osoan, landareen mundua agerian jartzeko. 

Espainiako Floraren Biomaratoiak elkarrengana hurbiltzen ditu botanikako profesionalak, landare-munduarekiko interesa dutenak eta herritarrak, eta aukera ederra da naturarekin berriz bat egiteko, landare-dibertsitatea ezagutzeko eta hura aintzat hartzen eta babesten ikasteko.