Gaur, ostirala, maiatzak 17, Espainiako Bankuak 2023ko urteko txostena aurkeztu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean bere bi ikertzaileren eskutik. Txostenaren arabera, Espainiako ekonomiak “dinamismo-maila handia izan zuen iaz —euroaren guneko gainerako herrialdeetan baino handiagoa—, bai kontsumo publikoaren eta pribatuaren sendotasunak bai zerbitzuen esportazioen sendotasunak bultzatuta, inbertsioaren ahuleziaren aurrean". Nolanahi ere, erakunde ikuskatzaileak ohartarazi du “tamaina handiko egiturazko erronkek” baldintzatuko dutela datozen urteetan hazteko gaitasuna: “produktibitatearen dinamismo txikia —giza-kapitala eta kapital teknologikoa eta esparru instituzionala hobetu beharrarekin lotua—, populazioaren zahartzea eta kontu publikoen iraunkortasuna eta trantsizio ekologikoa”.
Jardunaldian, datu horiek mahai gainean jarri ziren. Mar Rubio-Varas INARBE Institutuko ikertzailea moderatzaile-lanetan aritu zen. Hizlariak, berriz, honako hauek izan ziren: Espainiako Bankuaren aldetik, Carlos Thomas Borao Ekonomiako eta Ikerketako zuzendari nagusi laguntzailea, eta Juan Francisco Jimeno Serrano Egitura Analisiko eta Azterketa Makroekonomikoetako Saileko aholkularia.
Lan-merkatuaren erronkak
Jardunaldian lan-merkatuaren egoera nabarmendu zen orobat. Espainiako Bankuaren txostenak kapitulu bat eskaintzen dio esateko “aldaketa teknologikoen olatu berri batek lanaren banaketa eta antolamendua aldatuko dituela, eta eragin onuragarria izango duela produktibitaterako, baina kaltegarria sektore eta lanbide batzuetako enplegurako”. Txostenaren arabera, “langabezia-tasa handiak eta abian diren aldaketa teknologiko eta demografikoak direla-eta ezinbestekoa da enplegu-politikak sakon berrikustea”.