Unibertsitateen G-9 Taldeko Idazkaritza Nagusien batzorde sektoriala Iruñean bildu da unibertsitateko estatutuak Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikora (LOSU) nola egokitu aztertzeko eta autonomia-erkidegoek prozesu horretan izan duten jarduera ezagutzeko. Bi eguneko topaketa izan da (osteguna eta ostirala, maiatzak 16 eta 17), eta G-9 Taldeko unibertsitateetako zerbitzu juridikoetako zuzendaritzetako eta idazkaritza nagusietako arduradun nagusiak elkartu dira, bai eta unibertsitateen arloko eskumenak dituzten zenbait autonomia-erkidegoetako departamentuetako zuzendaritzen ordezkariak ere (Nafarroa, Extremadura eta Murtzia), unibertsitateko legedi berriak dituen erronka eta aukerei buruz eztabaidatzeko.
Extremadurako Unibertsitateko errektore eta batzorde sektorialeko buru Pedro Fernándezek eman zien hasiera jardunaldiei, eta nabarmendu zuen garrantzitsua dela LOSUri buruz eztabaidatzea, zehazki irakasleen lanpostuekin eta unibertsitateko estatutuen erreformarekin lotuta dauden alderdiak. Azpimarratu zuen G-9 Taldeko unibertsitateek elkarlanean jardun behar dutela erronkei aurre egiteko.
Integrantes de la comisión sectorial de Secretarías Generales del G-9, en el Palacio del Condestable, en Pamplona. En primer término, de izda. a dcha., el rector de la UPNA, Ramón Gonzalo, y el rector de la Universidad de Extremadura, Pedro Fernández.
Bestalde, Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ongietorria eman zien bertaratutakoei. Gonzalok aipagai izan zituen azken urteetako legegintza-zurrunbiloa eta Irakasle eta Ikertzaileak (I+I) eta Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileak (TEKAZEL) egonkortzeko prozesuen eragina. Nabarmendu zuen idazkaritza nagusiek duten funtsezko zeregina estatutuak aldatzeko, eta unibertsitatearen kudeaketa sinplifikatuko duten irtenbide operatiboen alde egin zuen.
Zerbitzuen ikuskapena LOSUren argitan
Mariola Artuch NUPeko ikuskatzaile eta CRUEko ikuskatzaileen lantaldeko kideak aztergai izan zuen zer bilakaera izan duten ikuskapenek unibertsitateetan, eta LOSUren arabera atal horiek duten garrantzia nabarmendu zuen. Azpimarratu zituen araua ezartzeko erronkak eta hobekien erantzuten dutenei pizgarri profesionalak eskaini beharra, barne gatazkak behar bezala kudeatzeaz gainera.
Bigarren egunari hasiera emateko, LOSUren esparruan autonomia-erkidegoek nahitaez egin beharreko jarduerari buruzko mahai-inguru bat egin zen. Roldán Jimeno idazkari nagusia aritu zen moderatzaile-lanetan, eta zerbitzu juridikoetako zuzendariek eta idazkari nagusiek hartu zuten parte. Inés Olaizola Nogales Irakasleen Gaietarako errektoreorde eta NUPeko idazkari nagusi ohiak LOSU dela-eta sortu diren epe laburreko erronken berri eman zuen.
Egunari amaiera emateko, LOSUren esparruan autonomia-erkidegoek duten jarduera ez behartuari buruzko mahai-inguru bat egin zen, eta Juan Jaurrieta Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko kideak eta Antonio Caballero Murtziako Eskualdeko Gobernuko Unibertsitateetarako eta Ikerketarako zuzendari nagusiak parte hartu zuten.
Batzorde sektorial horretako burua den errektorearen iritzian, “topaketak aukera paregabea dira G-9 Taldeko unibertsitateek eta autonomia-erkidegoek ahaleginak eta estrategiak koordina ditzaten, eraginkortasunez egokitzeko legezko eskakizun berrietara eta Espainiako unibertsitate-sistemaren etengabeko hobekuntza sustatzeko”.
Reyno Gourmet / Nafarroako Patxarana markak produktu hori dastatzeko kaxa bana oparitu zien bileran parte hartu zuten guztiei.
Unibertsitateen G-9 Taldea
Unibertsitateen G-9 Taldea irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren Espainiako unibertsitate publikoek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitateak, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitateak, Balear Uharteetako Unibertsitateak, Errioxako Unibertsitateak, Oviedoko Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Zaragozako Unibertsitateak. Gainera, 2023tik, Murtziako Unibertsitatea G-9 Taldekoa da unibertsitate laguntzaile gisa.