Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Houstonera (Texas) egindako misio komertzial batean parte hartu du aste honetan. Nafarroako Gobernua izan da misioaren buru Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren bidez, eta xedea zuen Nafarroako energia berriztagarrien sektorearen ekosistema bultzatzea gobernuaren, enpresaren eta irakaskuntzaren esparruan. Misio hori Nafarroako Nazioarteko Planaren ardatz nagusien barruan kokatzen da, eta haren helburu nagusia da Nafarroako enpresentzat negozio-aukerak sortzea Texasko estatuan, eta Estatu Batuetako konpainiak Foru Komunitatean ezartzeko aukerak bultzatzea.
Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria izan da misioaren ordezkaritzaren buru eta honako hauek ere osatu dute ordezkaritza: Iñigo Arruti Enpresa Sustapeneko zuzendari nagusia, Miren Ausín Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Jorge Elso NUPeko Nazioartekotzeko errektoreordea eta Eduardo Aznar CENEReko Negozio Garapeneko zuzendaria. Sektoreko 14 enpresak ere parte hartu dute: SIG Servicios Integrados de Ingeniería; Nabrawind Technologies, S.L; Leadernet; Estructuras para energías renovables, S.L; Comantur, S.L; Koshkil Systems, S.L; Beeplanet factory, S.L; Sumelec Navarra, S.L; Tetrace 824, S.L; EOS Ingeniería, S.L (EOSOL); Ingetam; Kesma; Celsospv, S.L eta Navarra técnicas de soldadura y fijación, S.L.U.


Ezkerretik eskuinera: Eduardo Aznar, CENEReko negozio-garatzailea; Iñigo Arruti, Enpresa Sustapeneko zuzendaria; Miren Ausin, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria; Carla Arimont, Espainiak Estatu Batuetan duen Merkataritza Ganberako zuzendariordea; Mikel Irujo, Industria kontseilaria; George Y González, Haynes Bonne-koa; Gemma Cortijo, Espainiak Estatu Batuetan duen Merkataritza Ganberako zuzendaria; eta Jorge Elso, NUPeko errektoreordea.
Lan-agenda
Lan-agendari hasiera emateko, Trantsizio Energetikorako eta Deskarbonizaziorako Sinposio batean parte hartu dute, Espainiak Estatu Batuetan duen Merkataritza Ganberak antolatuta. Sektore publiko eta pribatuko lider eta aditu nabarmenek hartu dute parte, guztiak ere konprometituak zero emisioko helburuak lortzeko eta Estatu Batuetan trantsizio energetikoa bultzatzeko asmoarekin.
Jardunaldi horretan, enpresa nafarrek aukera izan dute honi buruzko informazio esanguratsuena ezagutzeko: Joe Biden Estatu Batuetako egungo presidenteak 2022ko abuztuaren 14an aldarrikatutako Inflazioa Murrizteko Legearen (IRA) eragina. Lege horren helburu nagusia da defizita murriztea inflazioari aurre egiteko, bai eta teknologia garbien bidez ekoizpen nazionala sustatzea eta 2030erako karbono isuriak % 40 murriztea ere.
Era berean, parte-hartzaileek zenbait hitzaldi entzun dituzte askotariko gaiak aztergai zituztenak, hala nola energia berriztagarrien merkatua, arlo horretako azken joerak, enpresek aurre egin beharreko oztopo eta erronkak, eta Estatu Batuak eraldaketa bikoitzaren aurrean nola ari diren jokatzen. Beste hitzaldi batzuk ere izan ziren honako gai hauei buruzkoak: "Adimen artifizialak energia berriztagarrietan duen eragina", "Energia berriztagarrien zentro berriak ezartzea", "Gasak deskarbonizazioan duen eginkizun naturala" eta "Energia garbien berrikuntza".
Topaketa Texasko gobernu- eta irakaskuntza-erakundeekin
Misioaren bigarren partean, zenbait gobernu- eta irakaskuntza-erakunde bisitatu dituzte: Houstoneko Unibertsitatea, Rice University Carbon Hub, Rice University Accelerator, Greentown Labs, Greater Houston Partnership eta Houstoneko alkatetza.
Bileretan, ordezkaritzak Nafarroako energia berriztagarrien ekosistema aurkeztu du, helburu bikoitzarekin: maila akademikoan sinergiak eta sektorean garatzeko aukerak bilatzea. Alde horretatik, Jorge Elso Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreordeak nabarmendu du "unibertsitateak funtsezko eginkizuna duela energia berriztagarrien Nafarroako ekosistemaren garapenean, eta esparru horretan dituen indargune nagusiak aurkeztu ditu, lankidetzarako aukerak nabarmenduz”.
Bestalde, Eduardo Aznar CENEReko estrategia eta negozio garapeneko zuzendariak nabarmendu du oso garrantzitsua dela “balio-katean parte hartzen duten eragile guztiak integratzea, konponbideak aurkitu eta sektoreari lagunduko dioten teknologia eta tresnak garatzeaz gainera. Horretarako funtsezkoa da enpresetatik gertu egotea”.
Azkenik, Julia Olmo y Romero Espainiak Houstonen duen kontsulak harrera egin dio Nafarroako ordezkaritzari. Bileran, enpresek aukera izan dute harremanetan jartzeko Texasko beste enpresa eta erakunde batzuetako ordezkariekin.