Mugaz gaindiko Uda Ikastaroen hirugarren edizioan parte hartuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP). Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko unibertsitate publikoek antolatu dute, eta Baionan (Frantzia) eginen da uztailaren 15etik 19ra. Nafarroako Unibertsitate Publikoak hamaika monografikoetako bat aurkeztu du, Nerea de Diego Murillo Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasleak zuzendua: “Argizari galdua. Artxibategiak, ezagutzak eta sorkuntza / Archives, savoirs et création / Archivos, saberes y creación”.
Mugaz gaindiko Udako Ikastaroak parte hartzen duten hiru eskualdeetako herritarrei zuzenduta daude, eta haien helburua da unibertsitateek ekonomiaren, gizartearen eta lurraldearen aldetik kohesionatuagoa izanen den mugaz gaindiko espazio bat sortzeko duten zeregin proaktiboa ikusaraztea, Europako mugaz gaindiko beste eremu batzuetan lortu den bezala. Programa osoa ikastaroen webgunean dago. Izen-ematea ere webgunean egiten ahal da.
Programa honen xedea da unibertsitate eta erakunde zientifiko parte-hartzaileetan sortutako ezagutza zabaltzea da, bai eta erakunde publikoen plan estrategikoak zabaltzea ere, ezagutzan oinarritutako euroeskualdeko ekonomia garatzearen alde egiteko, eta horrela berrikuntza eta teknologia berriak balio erantsia sortzeko tresna katalizatzaile gisa erabiltzeko.
Ikastaroetako hizkuntzak euroeskualdeko hiru ofizialak izanen dira (euskara, frantsesa eta espainiera), bai eta ingelesa ere, eleaniztasunaren eta kulturartekotasunaren balioa azpimarratuz. Modu presentzialean eginen dira, eta programazioaren parte bat online jarraitzen ahalko da zuzenean.
Euroeskualdeko unibertsitate eta erakunde publikoekin lankidetzan garatutako proiektua
Udako Ikastaroak 2022an sortu ziren Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko unibertsitateen lankidetzari esker eta eskualdeko eragile nabarmenen laguntzarekin. Proiektua erakunde hauen guztien lankidetzaren emaitza da: l’Université de Bordeaux (UB), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), EHUko Udako Ikastaroen Fundazioa, l’Université Bordeaux Montaigne (UBM), l’Université de Pau et des Pays de L´Adour (UPPA), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Euskampus Fundazioa, CNRS/IKER eta Maison des Sciences de l’Homme de Bordeaux (MSH Bx) zenbait lurralde-erakunderen laguntzarekin, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundia, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea eta Communauté d’Agglomération Pays Basque.
11 ikastarok osatutako prestakuntza-programa
Astea hasteko, aztergai izanen da mugaz gaindiko unibertsitate-aliantzek duten eragina eskualdeko motor gisa, eta, bost egunez, Baionako Cité des Arts unibertsitate-eskolan, eztabaidagai izanen dira gaurkotasun handiko gaiak.
Hala, hizkuntzalaritzarekin zerikusia duten hiru ikastaro emanen dira: zehazki, Iparraldeko hizkuntza politika berrirako urratsak aztertuko dira, mugaren bi aldeetan parte-hartze aktiboan oinarritutako hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntza bultzatu duten esperientziak ezagutuko dira, eta euskalkien egungo egoeraren ikuspegi orokorra eskainiko da, baita ikerlari gazteek arlo horretan egiten duten lanaren ikuspegi orokorra ere.
Jasangarritasuna eta ingurumena sakon aztertuko dira. Batetik, elikadura-sistemari buruz hitz eginen da, euskal gastronomiarako lankidetza- eta jasangarritasun-ereduak nabarmenduz; bestetik, gaian adituak direnek euskal kostaldeko biodibertsitatearen egoeraz eta mugaren bi aldeetako itsas ingurunea babesteko neurriez hitz eginen dute; horrez gain, landa-eremuek aldaketa globalaren aurrean dituzten ezaugarri bereziei eta berezko arazoei buruzko gogoeta eginen da.
Interes sozialeko gaiak ere landuko dira. Mugaren izaerari eta eraginari buruzko gogoeta eginen da, munduko beste leku batzuetan gertatzen diren egoerak aztertuz, etxebizitza publikoaren politikaren funtsezko printzipioetako batzuk aztertuko dira, mugaren bi aldeetan nola aplikatzen diren, eta herritarren mugaz gaindiko partaidetzari buruzko esperientziak eta proiektuak ezagutaraziko dira.
Kulturaren esparruari dagokionez, eta ondarearen sustapenarekin eta babesarekin lotuta, argizari ardazkatuaren produkzioarekin lotutako ezagutza teknikoak ezagutaraziko dira. Argizari ardazkatua desagertzeko arriskuan dago.