Joan eduki nagusira

Irailaren 5etik 8ra, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Navarra LAN Party teknologiazaleen topaketa eginen da, eta zabalik dago topaketan izena emateko epea. Aurtengo edizioan, 3.000 euro banatuko dira saritan zenbait lehiaketatan. Parte hartu nahi dutenek "online" erreserba egin behar dute ekitaldiaren webgunearen bidez: https://navarralanparty.org/

Aurten, Nafarroako gazte txartel europarra dutenek hamar euroko deskontua izanen dute sarreraren prezioan. Horretarako, deskontu-kode bat eskatu behar da Nafarroako Gazteriaren Institutuaren webgunean eta, ondoren, ekitaldiaren webgunean sartu sarrera erosi baino lehen. Neurri horri esker, ehundik gora gaztek gutxiago ordainduko dute topaketan parte hartzeagatik.

zoom Navarra LAN Partyren aurreko edizio bateko parte-hartzaile bat.

Navarra LAN Partyren aurreko edizio bateko parte-hartzaile bat.

Navarra LAN Party-ren zazpigarren edizioa Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak (ANDITEC) antolatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan.  Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak babesten dute ekitaldia.

Nafarroako kiroldegi unibertsitarioan eginen da topaketa, eta bi eremu izanen ditu. “Party Place” izenekoan, 450 ordenagailu instalatuko dituzte, abiadura handiko Interneteko konexiodunak; hor, e-sportseko lehiaketak egin eta Twitch bidez emanen dira, eta beste lehiaketa batzuk ere antolatu dituzte, zeinetan 3.000 euro banatuko baitituzte sarietan. Antolatzaileek Super Smash Bros, FIFA, Tekken eta Rocket League lehiaketak berretsi dituzte.

“Open Space” eremuan, edonor sartzen ahalko da, dohainik, eta ostegunetik larunbatera egonen da irekia (hilaren 5ean, 6an eta 7an), 10:00etatik 20:00etara; han, aukera egonen da kontsolak probatzeko, gidatzeko simulagailuetan ibiltzeko eta errealitate birtualeko esperientziak edukitzeko, eta hiru dimentsiotan inprimatzeko eta teknologiari buruzko hitzaldiak entzuteko gune bat ere izanen du.

IKTen aldeko elkartea

Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2018an sortua, eta Nafarroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaltzea eta bultzatzea du helburu, bai eta gizarteari teknologia hurbiltzea eta teknologien inguruko komunitatea sortzea ere.

Ekitaldiari buruzko informazio gehiago dago Navarra LAN Partyren webgunean eta Twitterreko eta Instagrameko @navarralanparty kontuetan.