Joan eduki nagusira

Cristina García-Vivar Osasun Zientzien Saileko irakaslea Europako ordezkari aukeratu dute, Erizaintzako Kontseilu Nagusiaren izenean, Hezkuntzako Erizain Adituen Aholku Batzordean. Nazioarteko erakundea da, eta haren helburua da erizaintzarako praktika onenak optimizatzea eta erizainen hezkuntzarekin zerikusia duten mundu mailako politiketan eragitea, bai eta mundu mailan hezkuntza horren kalitatea hobetzea ere. Batzordeak lehen bilera egin du, eta eta Erizainen Nazioarteko Kontseiluaren (CIE) eta Erizaintzarako Liga Nazionalaren (NLN, ingelesezko sigletan) mende dago.

zoom Cristina García-Vivar, NUPen.

Cristina García-Vivar, NUPen.

Adituen batzorde izendatu berria Osasunaren Mundu Erakundeko eskualde guztiak  (Afrika, Amerikak, Ekialdeko Mediterraneoa, Europa, Hego-ekialdeko Asia eta Mendebaldeko Ozeano Barea) ordezkatzen dituzten 14 kidek osatzen dute, eta CIEk ofizial egin ditu horien izendapenak.

Batzordearen lehen bileran aztertutako gaiak

Batzordearen lehen bileran, NUPeko irakasleak lehentasunezkotzat jo zuen irakaslerik eza, eta orobat aipatu zuen teknologia berriak erizaintzako hezkuntzan integratu beharra, adimen artifiziala eta beste gai teknologiko batzuk integratuz.

Organo horrek hemendik aurrera izanen dituen erronken artean dago erizaintzako hezkuntzaren kalitatea hobetzea, bai eta nazioarteko erizaintzaren eragina eta osasunari eragiten dioten egungo arazo globalak aztertzea ere osasunak hezkuntzarekin duen harremanean (hala nola klima, erizaintzako langileen eskasia, teknologiaren aurrerapena, adimen artifiziala, dibertsitatea, inklusioa edo osasuneko ekitatea, besteak beste).

Batzordeko kideak

Bilera hori NLNren eta taldearen arteko lehen hartu-emana izan da. Taldeko burua Sandra Davis da, Walden Erizaintzako Unibertsitate Eskolako (AEB) Osasunaren Determinatzaile Sozialetarako eta Aldaketa Sozialerako Institutuko zuzendariordea. Sandra Davisez gain, batzordeko gainerako kideak ere izan ziren bileran: Lydia Aziato, Ghanakoa; Madeleine Mukeshimana, Ruandakoa; Erna Snelgrove-Clarke, Kanadakoa; Josefa Vásquez, Perukoa; Nuhad Dumit, Libanokoa; Salem Al Touby, Omangoa; Christophe Debout, Frantziakoa; Sami Lama, Nepalekoa; Suresh K. Sharma, Indiakoa; Noriko Yamamoto, Japoniakoa eta Ann Bonner, Australiakoa.  Nanthaphan Chinlumprasert, David Stewart, Agustina Soto eta Howard Catton CIEko kideak eta Patricia Sharpnack, Janice Brewington eta Beverly Malone NLNko kideak ere izan ziren bileran.

Cristina García-Vivarren CV laburra

Cristina García-Vivar NUPeko Osasun Zientzien Saileko zuzendariordea eta irakasle titularra da. Orobat Nafarroako Unibertsitateko Erizaintza Fakultateko ikerketako dekanordea izan da, bai eta Erizaintzako Kontseilu Nagusiko nazioarteko harremanetarako zuzendaria eta Erizaintzako Ikerketako Espainiako Institutuko Erizaintzako Behatokiko zuzendaria ere. Nafarroako Erizaintza Elkargoko ikerketako aholkularia ere bada.

García-Vivarrek 24 urteko ibilbidea egin du irakaskuntzan, batez ere familiako eta komunitateko erizaintzan, ikerketa kualitatiboan eta erizaintzako praktika aurreratuan.

García-Vivarrek bi ikerketa-ildo izan ditu oinarri nagusiki: minbizia pasatu ondoren epe luzera bizirik jarraitzen duten pertsonen zainketak, batetik, eta gaixotasun kroniko konplexu batekin bizi diren familien osasun arreta, bestetik. 111 artikulu argitaratu ditu hainbat aldizkari zientifikotan (horietatik 64, Journal Citation Report edo JCR katalogoan indexatuak). 15 ikerketa-proiektutan parte hartu du, eta haietako zazpi Estatuko deialdi lehiakor publikoen bidez finantzatu dira. Lehen kuartilean indexatutako nazioarteko 5 aldizkariren kontseilu editoreko kidea era bada.

“Inno-CARE: erizaintzako praktika berritzaileei buruzko ikerketa” taldeko ardurarduna eta NUPekoa da. Orobat lotura jarraitua du Estatuko eta nazioarteko zenbait ikerketa-talderekin.

International Family Nursing Association (IFNA) erakundearen zuzendaritza-batzordeko kide izandako lehenbiziko espainiarra izan da, eta “European Centre of Research Excellence - Continuing professional development for Nursing and Midwifery” erakundearen kide fundatzailea eta zuzendaritza-batzordeko kidea da.