Giza baliabideetako adituak bat datoz Erriberako enpresa familiarretan langileak hartzeko eta beren langileei eusteko dauden zailtasunetan, Iruñerriko enpresa-sarearen erakarpen-indarra dela eta. Hori izan da atera duten ondorio nagusia Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Enpresa Familiarren Katedrak Unibertsitateko Gizarte Kontseiluarekin batera eta Enpresa Familiarrak Garatzeko Nafarroako Elkartearekin (ADEFAN), Enpresa Familiarraren Institutuarekin eta Sonagar eta ARPA Abogados Consultores erakunde babesleekin elkarlanean Tuterako campusean antolatu duen jardunaldian. Topaketan, Erriberako Enpresa Elkarteak (AER) eta Aedipek (Nafarroa eta Errioxa) ere parte hartu dute.
Enpresa familiarrean talentua erakartzeari eta fidelizatzeari buruzko jardunaldian mahai-inguru bat egin da, eta bertan parte hartu dute Alfonso Antoñanzas Exkaleko zuzendari nagusiak, Alfonso Bordonaba Congelados de Navarrako Giza Baliabideetako zuzendariak, Maribel Martínez Villaescusa Enhol Taldeko Pertsonen eta Kulturaren zuzendariak eta Julia Sánchez eta Carlos Bóveda Luze Taldeko Giza Baliabideen eta Fidelizazioaren departamentuetako kideek.
Saioan, Lanbide Heziketako (LH) zikloetan diseinatutako prestakuntza dualeko neurri espezifikoak jorratu dira Erriberako enpresetan ikasleak erakartzeko eta integratzeko, eta azpimarratu da garrantzitsua dela NUPen eta Tuterako ETI Zentro Integratu Politeknikoaren eta inguruko enpresa guztien arteko harremanak sendotzea. Era berean, nabarmendu da langileen eskaera gero eta handiagoa dela, bai kualifikazio handiko profesionalena, bai prestakuntza-maila txikiagoa dutenena.
Gainera, mahai-inguruko parte-hartzaileek aztergai izan dituzte kontziliazio familiarra, telelana, langileen fidelizazioa eta laneko ingurune berrian enpresa familiarreko talentua bultzatzeko erronkak eta aukerak.
Enpresa Familiarren Katedraren lehen ekitaldia Tuteran
Jardunaldia Enpresa Familiarren Katedrak Tuterako campusean egindako lehen ekitaldia izan da akademiaren eta Erriberako enpresa-sarearen arteko ezagutza eta lankidetza sustatzeko helburuarekin. Lucía Garcés Galdeano NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko irakasle eta Enpresa Familiarren Katedrako zuzendariaren arabera, azken horrek “enpresa familiarrei buruzko ikerketa, irakaskuntza eta jakintzaren zabalkundea sustatu nahi ditu enpresa mota hori garatzen eta sendotzen laguntzeko, bai eta enpresa-kudeaketaren esparru espezifiko horretan interesa duten profesionalak prestatzen laguntzeko ere”.
Katedrarekin lotutako erakundeetako ordezkariak ere izan dira ekitaldian, hala nola Santiago Iraburu, NUPeko Gizarte Kontseiluko idazkaria; Yolanda Garbayo, ADEFANeko zuzendaritza batzordeko kidea; Rafael Loscos, AERko presidentea; eta Belén Hernández, Aedipeko (Nafarroa eta Errioxa) zuzendaritza batzordeko kidea.