Datorren ikasturtean, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) kide duen Unibertsitateen G-9 Taldeak abian jarriko du Prestakuntzako “Online” Planaren lehen edizioa graduko ikasleentzat. Hogeita hamar bat ikastaro eskainiko ditu jasangarritasunarekin, ingurumenarekin, inklusioarekin edo berdintasunarekin zerikusia duten gaietan. Ikastaroak doakoak izanen dira, eta izen-ematea datorren maiatzean irekiko da. Ikasle bakoitzak prestakuntza gainditzen duenean, graduko bere tituluan aitortuko zaio prestakuntza osagarriko kredituen bidez.
Hori izan da G-9 Taldeko Antolamendu Akademikoko Batzorde Sektorialaren ondorioetako bat. Batzordea Zaragozan bildu da Eva Ferreira García EHUko errektorea batzordeburu dela, eta besteak beste gai hauek landu ditu: G-9 Taldearen Campus Digital Partekatuaren berrikuntzak, ikaskuntza- eta zerbitzu-sarean izandako aurrerapenak eta ikasketa-planen modernizazioan izandako esperientziak.
G-9 Taldeko graduko ikasleak prestatzeko "Online" planari dagokionez, Campus Digital Partekatuak, talde hori osatzen duten unibertsitate guztien eskaintza partekatua biltzen duen plataformak, bi urte daramatza lanean ekimena diseinatzeko.
Prestakuntza-plana laguntzaile doktoreentzat
Orobat Campus Digital Partekatuak datorren ikasturtean jarriko du abian kontratuaren lehen urtean dauden irakasle laguntzaile doktoreak prestatzeko planaren lehen edizioa. Prestakuntza-eskaintzak erantzuten die LOSUk (Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoa) eta G-9 Taldearen Campus Digital Partekatuak dituzten berrikuntzei.
Bestalde, bilera honetan, ikaskuntza-eta zerbitzu-sarearen aurrerapenak azaldu dira. G-9 Taldea osatzen duten unibertsitate guztiak lantzen ari dira sare hori, hezkuntza-berrikuntzaren esparruan ikaskuntza- eta zerbitzu-metodologia sustatzeko helburuarekin. Zehazki, G-9 Taldeko unibertsitate bakoitzak dituen gisako ekimenen mapaketa egiten ari dira, eta datorren irailean, Universitat de les Illes Balears-en, Ikaskuntza eta Zerbitzuari buruzko Europako Kongresua eginen da, bai eta biltzar nazionala ere, eta bertan sare horrek parte hartuko du.