Gaur, ostirala, apirilak 26, AN Taldearen Katedrak bere hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldia egin du, eta Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektorea eta Francisco Arrarás AN Taldearen presidentea izan dira ekitaldiaren buru. Ekitaldia NUPeko Sario eraikinean egin da, eta zenbait hitzaldi eman dira lan-merkatuari eta ikasgelako prestakuntza bultzatzeari buruz.
AN Taldearen Katedraren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian parte hartu dutenak NUPeko Sario eraikinean.
Ekitaldiaren lehen zatian, “AN Taldearen Katedra, lan-merkaturako zubia” izenburupean, honako hizlari hauek esku hartu dute: Pablo de Juana NUPeko graduatua Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan eta Katedraren lehen saria jaso duena; eta Eneko Sanz eta Lorena Huici NUPeko titulazio bereko graduatuak.
Ondoren, “Bultzada bikoitza ikasgelako eta enpresako prestakuntzari” izenburupean, honako hizlari hauek hartu dute hitza: Luis Arregui NUPeko irakaslea eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIBGMET) idazkari akademikoa; eta Sergio Menénez AN Taldeko tutorea eta talde bereko Landa Berrikuntzako Taldeko koordinatzailea.
Ekitaldiari amaiera eman diote Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak, Francisco Arrarás AN Taldearen Katedrako presidenteak, Ramo Barrena AN Taldearen Katedrako zuzendariak eta Maite Muruzábal AN Taldearen Fundazioko zuzendariak.
AN Taldearen Katedra
AN Taldearen Katedra NUPek eta AN Taldeak 2014an sinatutako lankidetza-hitzarmen baten emaitza da. Hitzarmenaren helburua bi erakundeen arteko lankidetza garatzea da, ezagutza sortzeko eta nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta kooperatiben arloan interes komuneko alderdi guztiak zabaltzeko. Orobat ikerketa aurreratua sortu nahi du arlo horietan, mundu akademikoaren eta enpresa-munduaren bilakaera eta integrazio egokia ahalbidetzeko eta ikasleen eta enpresa-sektoreko profesionalen prestakuntza praktikoan laguntzeko.
Bere helburuak lortzeko, Katedrak jarduera bateratuak garatzen ditu ikerketaren, transferentziaren, dibulgazioaren eta prestakuntzaren arloetan. Zehazki, jarduera hauek egitea aurreikusten da: baterako ikerketa-lerroak garatzea, enpresetan curriculum-praktikak egitea, adituen arteko estatuko eta nazioarteko topaketak sustatzea edo sektoreko enpresentzat gatazkatsuak izan daitezkeen ingurumen- eta jasangarritasun-gaiak aztertzea. Hori guztia osatzeko, AN Taldearen lantokietara bisitak eginen dira, jardunaldiak adituekin edo NUPeko aditu-tituluak babestuko dira.
Hamar urte hauetan, Katedraren esparruan, 14 bisita egin dira ikasleekin AN Taldeko zentroetara, eta 67 ikaslek curriculum-praktikak egin dituzte. Gainera, aurten graduko eta masterreko ikasketa amaierako lanen sarien bosgarren edizioa egin da.