Rafael Mayoral Malmström Kempteneko Unibertsitateko (Alemania) irakasleak eskolak eman ditu berriki Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ingeniaritza Biomedikoko Graduan. Irakaslea bere unibertsitateko Informatika Medikoko Graduaren arduraduna da, eta, aurreko urtean egin zuenez, NUPera joan da Erasmus+ mugikortasuneko programaren bidez.
Zehazki, irakasleak eskolak eman ditu graduko “Informazio klinikorako sistemak” irakasgaian. Oro har datu medikoen kudeaketa elkarreragingarria lantzen du irakasgaiak. Zehazki, Rafael Mayoralek HL7 FHIR estandarrean oinarritu ditu bere eskolak, eta bai eduki teorikoak, bai praktikoak erabili ditu. "Ikaskuntzaren emaitza gisa, ikasleek HL7 FHIRren oinarriak ezagutu dituzte, eta estandarrarekin bateragarria den zerbitzaria eraikitzeko gai izan dira, baita harekin elkarreragiteko kodea garatzeko ere. Prestakuntzaren ondoren, ikasleek modu autonomoan lan egin dute proiektu zehatz batean”, azaldu du Jesús Daniel Trigo Vilaseca Ingeniaritza Biomedikoko Graduko arduradunak.
NUPek parte hartzen duen mugikortasuneko programa eta hitzarmenen bidez unibertsitateek elkar bisitatzen dute, eta, horri esker, besteak beste nazioartekotze-loturak sendotzen dira, bi unibertsitateen goi mailako ikasketak sustatzen dira, tartean dauden irakasgaien irakaskuntza-ikaskuntza prozesua aberasten da edo etorkizuneko ikerketa-proiektuak garatzeko sareak sortzen dira.