Joan eduki nagusira

Sei unibertsitatek (León, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Santiago de Compostela, Soria, Valladolid eta Vigo) parte hartuko dute datorren astelehenetik hasi, apirilak 22, eta apirilaren 28ra arte, NUPeko XV. Antzerki Zikloan. Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatu du zikloa, Iruñeko Udalarekin elkarlanean. Antzezlan guztiak Iturramako Civivoxen izanen dira, lehenbizikoa izan ezik, hura Mendillorriko Civivoxen eginen baita. Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrerek euro bateko prezioa izanen dute. Programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko. Sarrerak eskuragarri daude 010 telefonoan, pamplonaescultura.es webgunean, eta aurrez aurre edozein Civivoxetan. Antzezlanak helduentzako dira.

zoom NUPeko antzerki taldea, “(Des)de los escombros” antzezlanaren entseguetako batean. Erdian, Marta Remírez. Aurrean, Adriana Echaide (ezkerrean) eta Natalia Zúñiga (eskuinean). Gainerako aktoreak, ezkerretik eskuinera, Amaia Femia, Elisabet Valls eta Eva Iráizoz. Carlos Goyache falta da argazkian.

NUPeko antzerki taldea, “(Des)de los escombros” antzezlanaren entseguetako batean. Erdian, Marta Remírez. Aurrean, Adriana Echaide (ezkerrean) eta Natalia Zúñiga (eskuinean). Gainerako aktoreak, ezkerretik eskuinera, Amaia Femia, Elisabet Valls eta Eva Iráizoz. Carlos Goyache falta da argazkian.

Ziklo honetan zehar zazpi emanaldi eskainiko dira osotara; izan ere, NUPeko antzerki taldeak "(Des)de los escombros" antzezlanaren bi emanaldi eginen ditu, bata apirilaren 27an, larunbatarekin, eta bestea 28an, igandearekin, Iturramako Civivoxen, Óscar Orzaizen zuzendaritzapean. María Pradoren antzezlanak komedia eta drama nahasten ditu, eta gaztetasunari eta prekaritateari buruzkoa da.

León, Soria, Santiago, Valladolid eta Vigoko unibertsitateen antzezlanak

Zikloa apirilaren 22an, astelehena, hasiko da Mendillorriko Civivoxean Lola Fernández de Sevillaren “Sangre Carbón” antzezlanarekin, El Mayal antzerki taldearen eskutik (Leóngo Unibertsitatea) eta Javier R. de la Vargaren zuzendaritzapean. Antzezlanean, Marusinak Mario anaia deitoratzen du, meategian hil baita; Mara ahizpa konbentzitzen saiatzen da bi ahizpak bizirik daudela eta ahaztu egin behar dutela. Tragedia guztietan bezala, transgresio baten istorioa da hau, Mara pertsonaia nagusiak Marusina ahizparen bizitza salbatzeko egiten duena. Lurraren barnerako eta norberaren baitarako bidaia da, maitasunak bultzatua.

Apirilaren 23an, asteartea, Iturramako Civivoxen, Maricastaña taldeak, Vigoko Unibertsitatekoak (Ourenseko campusa) Fernando Dacostaren "Desequilibrios" antzeztuko du. Lana Ken Keseyren "Norbaitek kukuaren habiaren gainean hegan egin zuen“ lanean dago oinarrituta.

Biharamunean, asteazkena, apirilak 24, Soriako campus unibertsitarioko antzerki taldeak “Milagro en la España vaciada” antzezlana taularatuko du, Germán Andrésen zuzendaritzapean. Soriako antzerki taldeak berak sortua da antzezlana. Lanak gogoetagai du Espainiako hainbat herriren egoera, herrikide gazterik gabe geratzen ari baitira, gazteek etorkizun hobe baten bila emigratzen dutelako.

Apirilaren 25ean, ostegunean, Da USC-Lugo antzerki taldeak (Santiago de Compostelako Unibertsitatea) Andrea Gonzálezen "Dejándome la piel" antzeztuko du. Antzezlana honako lan hauen testuetan dago oinarrituta: “La vida es sueño” (Calderón de la Barca) eta “Laurence Anyways” (Xavier Dolan).

Apirilak 26an, ostirala, Burgosko Unibertsitateko antzerki gelak zenbait egileren “Con-sumo cuidado” antzezlana taularatuko du, Juan Luis Sáezek egokitua eta zuzendua. Zenbait egilek kontsumoari buruz idatzitako lanen zatiak biltzen ditu ikuskizunak.