Joan eduki nagusira

UNITA nazioarteko aliantzak, zeinak Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) kide baitu, Ikertzen hasteko laguntzen deialdia egin du berriki, eta unibertsitate bazkide eta elkartuetako irakasle eta ikertzaileei zuzenduta dago. Bekak bideratuta daude "Kultura-ondarea eta turismoa mundu digital batean" eta "Energia berriztagarriak eta materialak mundu jasangarriago baterako" gaiekin lotutako proiektuak garatzera edo gauzatzera. aliantzaren lehentasunezko ikerketa-arloak baitira. Ikerketa-taldeak unibertsitate desberdinetako langileek osatu beharko dituzte, eta 2024ko maiatzaren 8ra arte aurkezten ahal dituzte beren proiektuak.

zoom Pertsonak ordenagailuekin lanean NUPen.

Pertsonak ordenagailuekin lanean NUPen.

Deialdiaren xedea da UNITA bazkideen arteko lankidetza indartzea proiektu berriak gauzatuz edo lehendik daudenak sendotuz. Beraz, gutxienez hiru unibertsitate bazkidetako irakasle edo ikertzaileek aurkeztu beharko dituzte, eta lantaldean sartu beharko dituzte doktoretza ondokoa eta doktoretza egiten ari direnak. Proiektuek hamabi hilabete iraunen dute.

Laguntzen zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da gehienez ere, hiru bazkide dituzten proiektuetarako; 20.000 eurokoa izanen da gehienez ere, lau bazkide dituzten proiektuetarako; eta 25.000 eurokoa bost bazkide baino gehiago direnean. Nolanahi ere, gehieneko kopuruak dira, eta proiektuaren ezaugarrien arabera doitzen ahalko dira.

Ikerketa-gaiei dagokienez, zehaztutako gaien aldaera eta deribazio guztietako proposamenak onartuko dira. Turinen aurretik egindako bilera batean aukeratu ziren gaiak, eta bazkide diren unibertsitate guztietako ikertzaileek parte hartu zuten bileran. Diziplina anitzeko proiektuak bereziki baloratuko dira.

Ikerketa UNITAren esparruan

UNITA aliantzaren helburua da inplikatutako herrialdeetako eskualdeen hezkuntza-, zientzia- eta kultura-aurrerapenean laguntzea, garapen jasangarria sustatuz, berrikuntzako tokiko ekosistemak indartuz eta ezagutzan oinarritutako ekonomiarako trantsizioa babestuz, eta, aldi berean, Europaren integrazioa sustatzen eta azkartzen du lurraldeen barruan eta kanpoan.
Beraz, UNITA unibertsitateek lankidetzako ikerketa babesten dute, aliantzaren helburuak betetzeko lehentasunezkotzat jotako ikerketa-arlo hauetan oinarritutakoa: energia berriztagarriak, ekonomia zirkularra eta ingurumena, kultura-ondarea, gizarte inklusiboak, trantsizio digitala eta osasun globala.

UNITAk ikerlana ere sustatzen du beste jarduera batzuen bidez, hala nola azpiegituren katalogo bat sortzea, unibertsitateetan egindako ikerketaren kartografia bat prestatzea, irakasle eta ikertzaileen arteko topaketak aldizka antolatzea edo graduondoko eskolak sortzea, besteak beste.