Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasle eta irakasleek Falcón Electrónica eta Azkoyen Group enpresen instalazioak bisitatu zituzten berriki. Bi enpresak Azkoienen daude. 40 lagunek baino gehiagok, tartean Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Graduko eta Industria Teknologietako Graduko ikasleak zeudela, eta laborategiko teknikariekin eta irakasleekin batera, bertatik bertara ezagutu zituzten beren sektorean liderrak diren bi enpresaren produkzio-prozesuak eta azken teknologiak. 

zoom Azkoyen Groupen instalazioetara egindako bisita.

Azkoyen Groupen instalazioetara egindako bisita.

Bisitaren helburua zen ikasleak eskualdeko industria-ingurunera hurbiltzea, zuzenean ikus zitzaten fabrikazio prozesuak eta behin NUPeko prestakuntza amaitutakoan izan ditzaketen aukera profesionalak. 

Diego López Torres eta Carlos Juan de Dios Ursúa irakasleek antolatu zuten bisita bi enpresekin batera, zeinak NUPeko Teknologia Elektronikoko Katedrakoak baitira. Ekimenari esker, ikasleek bertatik bertara ikusi zituzten ekoizpen-prozesuak eta azken teknologiak, bai eta sektoreko profesionalekin hitz egin eta esperientzia praktiko batekin beren prestakuntza akademikoa sendotu ere. “NUPek bere ikasleei kalitatezko prestakuntza eskaintzeko eta industriaren mundu errealera hurbiltzeko duen konpromisoaren barruan dago esperientzia hori”, esan dute irakasleek. “Esperientziak akademiaren eta industriaren arteko zubi-lana egiteko balio izan du, eta ikasleak etorkizuneko garapen teknologikoan parte hartzera bultzatu ditu", gehitu dute.

Ikasleek enpresetako langileak izan zituzten gidari, eta langileek instalazioak erakutsi eta produkzio-lerroen eta ekipoen funtzionamenduaren berri eman zieten.

Zehazki, Azkoyen Group enpresan, ikasleak enpresaren historian murgildu ziren enpresaren museoaren bidez, eta bere ibilbidean mugarri izan diren makinak ikusi zituzten. Gero, enpresaren bi atal nagusi bisitatu zituzten: “Ordainbideak” eta ”Kafe- eta vending-makinak".  Atal horietako bakoitzaren ezaugarri bereziak ezagutu zituzten, eta horiek osatzen dituzten teknologia berritzaileetan eta funtzionamenduan sakondu zuten.

Falcón Electrónican, berriz, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Graduko eta Industria Teknologietako Graduko ikasleek zuzenean ikusi zituzten txartel elektronikoak muntatu, fabrikatu eta probatzeko prozesuak. Through-hole eta SMD teknologiak nola erabiltzen diren ikusi zuten, bai eta ekipo mekatronikoak muntatzeko eta probatzeko prozesuak ere. Amaitzeko, Elang Engineering I+G-ko Zentroa bisitatu zuten, non garatzen baita industria elektronikorako puntako teknologia.

Falcón Electrónica eta Grupo Azkoyen

Falcón Electrónicak 45 urteko esperientzia du, eta elektronika nazionalaren sektoreko enpresa garrantzitsuenetako bat da. Egun, enpresak 200 langile ditu Azkoiengo 7.700 m2-ko instalazioetan eta Iruñeko bulegoetan.     Bere negozio-lerroen barruan daude txartel elektronikoen eta ekipo mekatronikoen hardware eta software diseinua, prototipo eta ziurtagiriak, bai eta serieko fabrikazioa eta produktuaren mantentzea ere. Horrenbestez, balioa eta iraunkortasuna sortzen dute hainbat sektoretako bezeroentzat, hala nola energia berriztagarriak, telekomunikazioak, medikuntza, trenbideak, etab.

zoom Falcón Electrónicaren instalazioetara egindako bisita.

Falcón Electrónicaren instalazioetara egindako bisita.

Azkoyen Group egoitza nagusia Nafarroan duen multinazionala da, eta espezializatuta dago vending merkatuetarako, ordainbideetarako eta sarbideen segurtasun/kontrol sistemetarako soluzio teknologiko aurreratuak diseinatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen. 1945ean sortu zenetik, teknologiaren aldeko apustua, ikerketa eta produktu berrien garapena izan dira konpainiaren ezaugarri nagusiak. Egun, taldea 95 herrialdetan baino gehiagotan dago, eta mila laguneko plantilla du.