Joan eduki nagusira

Guztira 550 ikasle (% 56 gizonezkoak eta % 44 emakumezkoak) ari dira 2023-2024 ikasturtean doktoretza Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten, horietatik 132 atzerritarrak (% 24). Ikasle atzerritar gehienak Kubakoak, Kolonbiakoak, Txilekoak eta Perukoak dira.

Nafarroako Doktoretza Eskolak (NADOE) ongietorria egiteko egun bat antolatu zuen NUPen ikasten hasi direnentzat, eta informazioa eman zien ikasketa horiei eta Unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzuei buruz. Ongietorria egiteko jardunaldian, honako hauek mintzatu ziren: Mercedes Sánchez García NADOEko zuzendaria, Francisco Javier Arregui San Martín Ikerketako errektoreordea eta Begoña Vicente Yenes ikerketa-institutuetako Negozio Garapenerako koordinatzailea, bai eta Iosu García Fernández Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria eta Arantxa del Rey Martínez zerbitzu bereko Laguntzen eta Deialdien Ataleko burua ere. María Teresa Mendióroz Iriarte Navarrabiomed osasun ikerketako institutuko zuzendariak eman zuen hasierako irakasgaia.

zoom Ikasturte honetako doktoregaiak, NADOEk ongietorria egiteko antolatutako jardunaldian.

Ikasturte honetako doktoregaiak, NADOEk ongietorria egiteko antolatutako jardunaldian.

Nazioartekotze-tasa handia eta doktoretza industrialak

Aipatzekoa da 2019tik 2023ra bitartean NUPen irakurritako 250 tesien erdiek (% 50) nazioarteko aipamena izan zutela. Horretarako, baldintza batzuk bete behar dira, besteak beste hauek: Espainiatik kanpo gutxienez hiru hilabeteko egonaldia egina izatea, behintzat tesiaren laburpena eta ondorioak EBko hizkuntza batean argitaratzea (Espainiako hizkuntza ofiziala ez den batean), eta lana ebaluatzeko epaimahaian gutxienez kideetako bat Espainiakoa ez den zentro bati lotutako ikertzailea izatea.

Gainera, ikasturte honetan unibertsitatean egiten ari diren tesietatik 41 doktoretza industrialaren aipamenaren modalitateari dagozkio (40 Nafarroako Gobernuaren laguntzekin eta bat finantzaketa publikorik gabe). Orain arte aipamen hori lortu duten 13 tesi irakurri dira, besteak beste enpresa eta ikerketa-zentro hauen barnean egindakoak: Pentabiol, Urzante, NewMusicNow, CSIC, NavarraBiomed eta CENER. Haien artean daude NUPeko spin-offak ere, Bioinsectis kasu. 

Doktoretza industrialaren modalitatean, ikertzaileek gutxienez urtebete egon behar dute enpresa edo erakunde batean kontrataturik tesia egiten, eta baliteke horrek haiei lan munduan sartzen laguntzea.