Emilia Chuina Tomazelik (Rio Branco-Mato Grosso, Brasil, 1993) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egindako doktoretza-tesian, lehen aldiz dokumentatu dute udaberriko boilur zuria (Tuber borchii) hartziduraz baliatzen dela oxigenoa dagoenean –bianchetto edo Borch izenez ere ezaguna, eta oso preziatua sukaldaritzan–. Halako portaera ez da organismo askotan ikusten ohi. Aurkikuntza hori Nafarroako Bionanoplus enpresarekin lankidetzan egindako analisi genetiko eta kimiko zehatz baten emaitza da, zeinak barne hartu baitzuen boilurra laborategian haztea eta kontserbatzea. Oso aurkikuntza garrantzitsua da, aukera ematen baitu bere ezaugarri aromatikoengatik eta propietate biologikoengatik industrian oso baloratua den onddo horren barne-funtzionamendua ulertzeko. Boilur zuriaren estrategia metabolikoak eta bizirautekoak argitzen laguntzen du horrek, eta bideak irekitzen ditu etorkizunean bioteknologiaren arloan zer aplikazio izan ditzakeen ikertzeko eta boilur zuriaren ekoizpena eta aprobetxamendua hobetzeko.
“Tesiaren helburu nagusia boilurraren mizelioa laborategian bakartzea eta haztea izan zen, ondoren azterketa genetiko, molekular eta aplikatuetan erabiltzeko modukoa izanen zen andui bat lortzeko –azaldu du Emilia Chuina ikertzaileak–. Era berean, onddo horretan oinarritutako azken produktu natural bat lortu nahi zuten; izan ere, boilur zuria oso preziatua da industrian bere ezaugarri aromatikoak eta propietate biologikoak direla eta. Gero eta zailagoa da boilurrak naturan aurkitzea eta kultiboan haztea, eta prezio altua dute gainera; horrek guztiak bultzatu zuen ikerketa hau”.
Emilia Chuinak doktoretza industriala egin du, Nafarroako Gobernuaren finantzaketarekin eta NUPeko Genetika, Genomika eta Mikrobiologia taldearen eta Noaingo Bionanoplus enpresa nafarraren arteko lankidetzari esker. Honako hauek izan dira doktoretza-tesiaren zuzendariak: Gerardo Pisabarro de Lucas NUPeko katedradun eta IMAB Institutuko zuzendaria eta Hesham Salman, Farmaziako Teknologiako doktore eta Bionanoplus enpresaren sortzaile eta lehenbiziko zuzendaria. Tesiak bikain kalifikazioa lortu du nazioarteko aipamenarekin; izan ere, egileak ikerketa-egonaldi bat egin zuen Alessandra Zambonelli katedradunarekin Boloniako Unibertsitatean (Italia), Campus Iberuseko Erasmus+ programaren barnean.
Boilurra baizik ez duten kultiboak lortzeko zailtasuna
Emilia Chuinaren lehenbiziko erronka boilur hutsezko kultiboak lortzea izan zen; izan ere, “onddo horiek komunitate konplexuak osatzen dituzte beste mikroorganismo kutsatzaile batzuekin”, azaldu du. Hala ere, Tuber borchiiren bi andui bakartzea lortu zuen. Horri esker, aztertu zuen nola hazten eta garatzen den boilur zuria laborategian, giro kontrolatuan eta kutsatzailerik gabe hazten denean.
Horretarako, onddoaren gene batzuk aztertu zituen, hain zuzen oinarrizko prozesu metabolikoetan, hots, hazteko, ugaltzeko eta bizi-funtzioak betetzeko aukera ematen dioten erreakzio kimikoetan parte hartzen dutenak. Bigarren mailako metabolitoak ere aztertu zituen, hau da, onddoaren oinarrizko biziraupenerako funtsezkoak ez izan arren ingurunearekiko interakzioan funtzio garrantzitsuak betetzen dituzten konposatuak –hala nola patogenoen aurkako defentsan edo beste organismo batzuekiko lehian–. Eta, azkenik, konposatu aromatiko lurrunkorrak aztertu zituen: boilurrak sortzen dituen substantzia kimiko batzuk, erraz lurruntzen direnak eta boilurrari bere usain bereizgarria ematen diotenak. Konposatu horiek bereziki garrantzitsuak dira, horregatik baitira boilurrak gastronomian hain preziatuak.
Tuber borchii boilurra kultibo puruan nola bizi den eta nola jokatzen duen ulertzeko egindako ikerketa genetiko eta kimiko xehe horri esker, ikertzaileak deskubritu du onddo hori hartziduraz baliatzen dela oxigenoa dagoenean ere (kondizio aerobikoetan), eta hori ez da ohikoa izaten beste izaki batzuetan. Normalean, organismoek oxigenorik ez dagoenean erabiltzen dute hartzidura (kondizio anaerobikoetan), energia lortzeko bide metaboliko gisa. Boilur horrek bizirik irauteko zer estrategia erabiltzen dituen ere aurkitu zuen, eta haren metabolismo zelularrean nola desintoxikatzen den aztertu zuen horretarako.
Trufaren aromak
Tesiaren barnean, Emilia Chuinak, Agrobioteknologia Institutuarekin (IdAB) lankidetzan, esperimentu bat egin zuen boilurra laborategiko kondizioetan hazten den bitartean konposatu lurrunkorrak nola eta noiz sortzen diren monitorizatzeko, konposatu horiek baitira Tuber borchii boilurraren aromen arduradunak. Izan ere, konposatu aromatiko lurrunkorren ekoizpenean eragina duten denborak eta kondizioak identifikatzea funtsezkoa da boilurren laborategiko hazkuntza optimizatzeko, konposatu horien ekoizpena maximizatzeko aukera ematen baitu horrek. Konposatu horiek ematen diote balio gastronomikoa boilurrei, eta bestelako erabilera batzuk ere bai zenbait industriatan.
Tuber borchii boilurrari buruzko azterketa biologiko eta genetikoez gain, doktoretza-tesiak erabilera industrialera bideratutako aplikazio praktiko bat ere proposatu zuen. Hala, Emilia Chuinak boilurraren mizelioa kapsulatzeko zenbait teknologiarekin esperimentatu zuen. Kapsulatzea hau da: onddoaren egitura nagusia osatzen duten harizpiak material babesle batean biltzea denbora gehiagoz kontserbatzeko. Mizelioaren kasuan, hura kapsulatzeak bere propietateak eta bideragarritasuna mantentzen laguntzen du, eta horrek haren biltegiratzea, garraioa eta erabilera errazten ditu zenbait testuingurutan, hala nola nekazaritzan, gastronomian edo ikerketan.
Curriculum laburra
Emilia Chuina Tomazeli Erizaintzan graduatu zen Mato Grossoko Unibertsitate Federalean (Brasil), 2016an, nahiz eta azken urte akademikoa NUPen egin zuen, nazioarteko mugikortasunerako programa bati esker. Ondoren, Brasilgo erakundean “Osasun Zientziak: Gaixotasun Infekziosoak eta Parasitarioak” masterra egin zuen (2017-2019). 2020an, NUPera etorri zen Bioteknologiako doktoretza-programa ikastera.
Bere ibilbide profesionalean ikertzaile, unibertsitateko irakasle eta erizain lanetan aritu da, Brasilen nahiz Nafarroan. Beste egile batzuekin batera egindako hiru artikulu ditu argitaratuak aldizkari zientifikoetan, eta kongresuetan argitaratutako lau txostenen egileetako bat da.