Joan eduki nagusira

EngiRank nazioarteko rankingaren lehenbiziko edizioaren arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) Espainiako zazpigarren unibertsitatea da ingeniaritzako ikasketei dagokienez. Poloniako "Perspektywy" aldizkariak egin du ranking hori, herrialde bereko Hezkuntza Sistemaren Garapenerako Fundazioarekin (FRSE) batera eta Herbehereetako Elsevier informazio-analisirako enpresarekin lankidetzan. Gainera, NUP 107. postuan dago rankingean sartzeko irizpideak bete dituzten Europako 225 unibertsitateen artean.

zoom NUP.

NUP.

EngiRank sailkapena egiteko metodologiak 20 adierazle hartzen ditu oinarri, bost arlotan banatuak: ikerketa, berrikuntza, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH), nazioartekotzea eta diziplinartekotasuna. Ikerketaren arloan, argitalpen zientifikoak eta haien eragina, aipamenen ratioa eta halakoak hartzen dira kontuan. Berrikuntzan, berriz, adierazleen artean daude Europar Batasuneko deialdietako funtsak lortu izana, patenteen kopurua edo industriarekin egindako kolaborazio akademikoak. GJHei dagokienez, unibertsitateak bederatzigarren helburua lortzeko egin duen ekarpena hartzen da kontuan (industria, berrikuntza eta azpiegitura).

Nazioartekotzearen arloan, herrialde bateko baino gehiagotako autoreek lanak lankidetzan egin izana, ikasleen mugikortasuna (zenbat ikasle etorri diren eta zenbat joan) edo Europako Unibertsitate delako bateko kide izatea (NUPen kasuan, UNITA aliantza) dira adierazleak. Azkenik, diziplinartekotasunaren kategoriak kontuan hartzen du unibertsitate bakoitzak ingeniaritzaren zenbait azpidiziplinatan egindako jarduna ikerketari, berrikuntzari eta irakaskuntzaren kalitateari dagokienez.

Hauek dira rankingerako kontuan hartu diren ingeniaritza motak: kimikoa; zibila; elektrikoa eta elektronikoa; ingurumenekoa; materialena; mekanikoa, eta medikoa. Unibertsitate bat nazioarteko sailkapen horretan agertzeko, ekarpen esanguratsua izan behar du egina ingeniaritzaren eta teknologiaren arloan; horrek esan nahi du unibertsitate horretako irakasle eta ikertzaileek azken bost urteetan egindako argitalpenen % 30 gutxienez Scopus datu-basean indexatuta dagoela.