Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) harremanetan jarri ditu 24 enpresa eta entitate Datuen Zientziako Graduko ikasleekin eta Datuen Zientziako eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitzekoekin, ikasketa horiek eginda zertan lan egin dezaketen jakitera emateko. Zehazki, lan egiteko zer aukera dituzten azaldu diete lau saiotan entitateen ordezkariek ikasleei (enpresetako praktikak, curriculumetik kanpoko praktikak eta kontratazioak), bai eta ikasketa-amaierako lana egiteko moduak ere..

zoom Zenbait ikasle, irakasle eta enpresen ordezkari, Arrosadiko campuseko Olibondoak eraikinean.

Zenbait ikasle, irakasle eta enpresen ordezkari, Arrosadiko campuseko Olibondoak eraikinean.

Saio bakoitzera 80-120 ikasle joan dira. Gorago adierazitako ikasketetako ikasleez gainera, Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIBGMET) beste titulazio batzuetakoak ere izan dira: Zientzietako Gradukoak, Bioteknologiakoak eta Datuen Zientziako eta Bioteknologiako Gradu Bikoitzekoak.

NIBGMETeko Carlos López Molina Konputazio Zientzietako eta Adimen Artifizialeko irakasleak antolatu ditu topaketak, zeina Datuen Zientziako Graduaren eta Datuen Zientziako eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitzaren arduraduna ere bai baita. Nafarroako IKTen Klusterrak (ATN) ere parte hartu du topaketak martxan jartzen, Cristina García López kudeatzailearen bidez.

Topaketetako enpresen zerrenda

Saioetara gonbidatutako entitateak Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoarekin harremanetan jarri eta praktikak edo gradu amaierako lanak eskaini zituztenak izan dira. Azkenik, honako entitate hauek hartu dute parte topaketetan: AEMET (Meteorologiako Espainiako Agentzia), Anasinf, ATANA, Biko2/Jakala, CyC, Nafarroako Gobernua (S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzua, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuarena; eta Aurrerapen Digitalaren Zerbitzua, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarena), Ingeteam, Nafarroako Estatistika Institutua (Nastat), Kunak Technologies, Laboral Kutxa, Menditech, Movalsys, Nabwind Technologies, NAIR Center, Nasertic (Navarra de Servicios y Tecnologías), NILSA (Navarra de Infraestructuras Locales), Sumitomo, Tafalla Iron Foundry, Tairel Data, Tracasa, Veridas, Vicomtech eta Viscofan.