Pablo Arrarás eta Pablo Hernández Medikuntzako Graduko ikasleak gailendu dira berriki Osasun Zientzien Fakultateko graduen arteko Tribial Anatomikoan, Alex Domingo, Iván Sanz eta Jaime Sanz Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko ikasleek osaturiko taldeari irabazita. Marta Jaso, Hirune Martínez, Iria Quintero eta Cristina Salcedo Fisioterapiako Graduko ikasleak izan ziren lehiaketako beste finalistak. Hala, Fakultatean ematen diren bost graduetatik hiruk hartu dute parte aurtengo Tribial Anatomikoan.
Tribial Anatomikoan parte hartu zuten ikasleak, eta, haiekin batera, ekimenean parte hartu zuten irakasleak: zutik, Conchi Yárnoz eta Lucas Blázquez; eserita, Jesús Alfaro.
Lehiaketak jarraipena ematen dio “Oinarrizko zientzien integrazioa Medikuntzako Graduko lehenbiziko ikasmailan: estrategia eta gamifikazioa” izeneko irakaskuntza berritzeko proiektuari (PINNE), zeinak Anatomia eta Giza Enbriologia baitu ardatz eta Osasun Zientzien Saileko irakasle eta ikertzaile hauek bultzatzen baitute: Lucas Blázquez Lautre, Conchi Yárnoz Irazábal, Jesús Alfaro Adrián, Antonio del Bosque Herrero, Natalia Domínguez Sanz, Ana María Insausti Serrano, Enrique Balén Rivera, Alfredo Resano Lizaldre eta Idoia Morilla Ruiz.
Gamifikazioa ikasteko teknika bat da, jokoen mekanika hezkuntzaren eta lanbidearen esparrura eramaten duena emaitza hobeak lortzeko. “Edukiak ikasteko prozesuan errazago murgiltzeko balio du gamifikazioak, eduki horiek modu erakargarrian aurkezten baitira. Beste elementu garrantzitsu bat motibazioa da, eta handia izaten da, notan eragina baitu eta, aldi berean, lankidetza eta talde-lana ere sustatzen baitira. Ikasteko giro segurua sortzen da, eta ikasleak ez dira huts egitearen beldur”, adierazi du Ana María Insausti irakasleak.
Gamifikazioaren erabilera
Osasun Zientzien Fakultateko Anatomia Atala 2010ean hasi zen gamifikazio jarduerak egiten, hasieran Fisioterapiako Graduan. 2021-2022 ikasturtean, Medikuntzako Graduan ere sartu zituzten jarduerok, lehenbiziko seihilekoan, Sistema Muskuloeskeletikoaren Anatomia irakasgaiari zegokion tribial anatomikoko txapelketa baten bidez. 2023an, jarduera “Cluedo” bat izan zen, eta paziente bati zer gertatzen zitzaion asmatu behar izan zuten parte-hartzaileek. Horretarako, arrastoak lortu behar zituzten titulazioaren seihileko horretako oinarrizko zenbait gairi buruzko galderei erantzunez.